gaizka izagirre
'Ekografiak'

Txinpantzeak

2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Berriki ikusi dudan dokumental sorta batek zur eta lur utzi nau, errealitateak fikzioa gainditzen duen adibide sinestezina iruditu zait. Nondik norakoetan sakondu aurretik, lehenik, atzerako jauzi txiki bat egingo dut, 2020. urtera zehazki: Eric Goodek eta Rebecca Chaiklinek Tiger King telesail dokumental harrigarria sortu zuten garaira. Lan horretan krimen antolatua, narkotrafikoa, iruzurgileak eta animalia exotikoen mundua jorratzen ziren, besteak beste.

Bada, zuzendarietako batek, Goodeek, AEBtako zenbait pertsonaren artean txinpantzeekiko dagoen obsesio neurrigabe eta zoroa erakusteko asmoz, Chimp Crazy estreinatu du; familiako kideak balira bezala dituzten pertsonen unibertso bitxi, bizarro, eztabaidagarri eta aztoragarria. Horretarako, zenbait pertsona elkarrizketatuko ditu, horien artean Tonia Haddix izeneko emakume deskribaezina. PETA erakundea (Animalien Tratu Etikoaren Aldeko Jendea) eta Alan Cumming aktorea (1997an Tonka izeneko txinpantze batekin agertu zen Buddy izeneko film batean, eta egun Tonia Haddixen etxean bizi da) atzetik dituen bitartean, kamerak ia une oro jarraituko dio emakumeari eta haren ekintza eta esaldi sinestezinen testigu bilakatuko gara.

Arazoa, ordea, honakoa da: Tiger Kingegin zuenetik, Eric Goode, animalia exotikoak esplotatu eta horiekin negozioa egiten duten pertsonen artean oso gorrotatua da. Beraz, bere helburua betetzeko, zuzendari faltsu bat kontratatuko du; pertsona hori izango da, kamerariarekin batera, elkarrizketak egingo dituena. Goode ezkutuan mantenduko da aginduak eta jarraibideak ematen.

Narrazioaren ardatz nagusia hori da, baina, tartean, historian zehar animalia horiekin izandako hainbat ezbehar basatiren berri ere izango dugu, ileak tente jartzeko moduko kontakizunak. Zinemaren eragina ere salatzen da:George of the Jungle, Babe... zazpigarren artean oso ohikoa izan baita animalia horiek —eta zoritxarrez, beste batzuk— erabiltzea eta, objektuak balira bezala, haiekin negozioa egitea.

Hori gutxi balitz bezala, zutabe honetan bertan berriki aipatu dudan Cómo cazar a un monstruo-ren antzera, dokumentalaren narratibak bat egingo du errealitatearekin, elkartu egingo dira; grabatuko dituzten zenbait irudi eta audio erabakigarriak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.