Zuhaitz Gurrutxagak ikusleari Hizka Mizka saiora ongietorria emateko erabiltzen dituen txisteak atsegin dituztenek gustukoa izango zuten La2 kateko Se hace saber saioa. Azken batean, Gurrutxagak, estilo klasikoari jarraiki, kamerari botatzen dio txistea. Se hace saber horretan, esketx forma ematen zioten, baina funtsean txistea berdin-berdina da. Eta kalitate parekoa, noski. Goyo Jimenezen saioa, Jose Motak egiten dituen graziarik gabeko ganoragabekeria horietaz distantzia hartu nahi izan bazuen ere, umore errazaren zulo berean erori zen. Egitura, betikoa; gatz eta piperrik gabeko txiste txarretan errotutako eszenak, ikuslearen leialtasuna lortzeko beti pertsonaia beretan ardaztutakoak. Arinkeriaz esan genezake Wazemank edo Vaya semanita-k berdin egiten zutela, baina inondik inora. Hezurdura aldetik eskaletan antzekotasunak badira ere, ETBko saio horiek diskurtsoan kulturemen indarra dute. Pieza linguistiko bakan horiek enpatia sortzeko eta geure buruaz barre egiteko gakoa dira, alegia, umore kritikoa egiteko kapaz ziren bi programak.
Beraz, umoreak hein batean errealitatetik edan behar du ezinbestean. Hala ere, sarri askotan bizitzaren egunerokotasunak esfortzu handirik gabe gaindi dezake umoreak aditzera ematen duen errealitate karikaturizatua. Nikolas, kasurako. Espainiako boteretsuen munduan sartzeko jarrai daitezkeen ustelkeriaren bidezidorrak azaleratu dituen tipoa meme guztietan dago. Itzela. Estibaliz Gabilondo CQC-n lan egiten zuenean deabruzko Little Nicky-rekin hitz egiten lehen kazetaria izan zela lau haizeetara zabaldu dute Antena3en. Aupa zuek. Hala ere, Telemadridekoak izan ziren lehenak Aita Santuaren heriotzaren ildora egin zioten elkarrizketatxoarekin. Horretan guztian ezin zen falta bizilagunen testigantza, noski. Oso jatorra zen, eta bere ikaskideei plastidecorrak uzten zizkiela esan ordez, amamaren auzokideak erosketekin lagundu ohi zuela esan zuen. Oso ona dela baina «le ha dado una grandeza y se la ha subido» gehitu zuen. Edonori gerta dakiokeela azalduz, Nicolasen jokaera zuritu zuen.
Gogora abesti bat. 18 urte bete ditu Celtas Cortosen Skaparate Nacional kantak, eta ez du indarrik galdu. Hori bai umorea. Aukeran nahiago Gurrutxagaren txiste txarrak, txarrak txiste egiten dituzten horienak baino.

EKOGRAFIAK
Txarrak, txiste txarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu