urtzi urkizu
ANALISIA

TVE, non dira zeru haiek?

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Galiziako Parlamentuak maiatzaren 11n Xabarin herri ekinbide legegilea aho batez onartu zuen egunean, PPk propio eskatu zuen TVEk haur eta gazteentzako edukiak zein aplikazioarenak galegora bikoizteko. BNGk eta PSOEk ere bat egin zuten eskaera horrekin. Espainiako Gobernuarentzat zen eskaera.

Normalizazio Linguistikoaren Mahaiak pantailetan galegozko eskaintza handiagotzeko egindako eskaerak harrera oso ona izan du Galiziako alderdi politikoen aldetik, denek egin dute bat. Mahaiak ohartarazi du, bestalde, TVEk egunean «soilik» 38 minutu ematen dituela galegoz. Euskaraz bi minutu baino ez dira.

Espainiako Konstituzioaren hirugarren artikuluak argi adierazten du: «Espainiako hizkuntzak kultur ondarea dira, eta bereziki errespetatu eta babestu behar dira». Astegunetan bi minutu eskainita, zaila egiten da pentsatzea RTVE hizkuntza hori errespetatzen eta babesten ari denik.

Galiziako PP eta PSOE eskatzen ari direna Espainiako Konstituzioari jarraibide ematea baino ez da, baina bi alderdi horiek Espainiako Gobernuan egon diren azkeneko hamalau urteetan ez du RTVEk Konstituzio bedeinkatua bete, euskara babestu eta errespetatzeko artikuluari dagokionez.

Manuel Perez Estremera TVEko zuzendari zela —2005eko urtarriletik 2007ko urtarrilera bete zuen kargu hori—, talde publikoak proiektu bat abiarazi zuen, zenbait euskarazko telefilm egiteko. Ez edonolakoak: eleberri interesgarrietan oinarritutakoak eta euskal gatazkarekin lotura zutenak —baten bati gogorarazi behar zaio, agian, euskal literaturak sarri eta ugari landu dela gaia—. Telefilm sorta haren aurrenekoa estreinatu zen soilik: Zeru horiek. Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako telefilma Aizpea Goenagak zuzendu zuen. Miarritzeko FIPA (Lapurdi) jaialdian hautatu zuten, eta 2006an zenbait proiekzio izan zituen. Baina telebistaz... TVEk handik urte batzuetara eman zuen, desordutan, eta iragarri gabe ia.

Tiraderan gelditu zen Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi. Gerrako kronikak eleberriaren proiektua. Gidoia idatzia zuen Goenagak, baina TVEk bertan behera utzi zuen euskarazko fikzioaren aldeko apustu hura. Anjel Lertxundiren Zorion perfektua zen aukeratutako beste eleberria, eta lan horrekin zinemarako film bat zuzendu zuen Jabi Elortegik, Pausokarekin, 2009an.

Madrilgo T-4ko atentatua—2006ko abenduaren 30ean— eta Estremerak karguan ez jarraitzea izan ziren arrazoi nagusiak euskarazko telefilm gehiago ez iristeko. Baina pena da orduko hartan egindako bakarra, Zeru horiek (2006), RTVEk bere nahieran zerbitzuan jarri ez izana. Aberatsa da taldearen Somos Cine ataria, eta ez litzateke sobran Goenagaren telefilma bertan jarriko balute. Bestela, ezin da ikusi inon.

Ez da orain atentaturik. Jose Manuel Perez Tornero RTVEko presidenteak bere lehen agerraldian iragarri zuen irrati-telebistak kultur dibertsitatearen plan bat egingo duela. «Eleaniztasunaren alde nago, irmo. Itzulpen guztiak ongi etorriak izango dira», esan zuen Senatuan.

RTVEk ekoizpen zentro indartsua du Bartzelonan. Katalanez egiten den eskaintza EAEko TVEk euskaraz egitea ezinezkoa litzateke —50 urte bete berri ditu EAEko zentroak—. Baina galegoen parera iristea ez luke izan beharko hainbesterako inbertsioa. Ez da oso argi ikusten, ordea, ea Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdiek galegoen eskaera bera egiteko borondatea duten,edo Espainiako Kongresuan dauden euskal ordezkariek lehentasunezko gaitzat duten pantailak euskaratzea. Zeren eta TVEn orain arte baino gehiago euskaraz egitea, Clan haurren kateko edukiak euskaratzea eta eduki propioak ekoiztea Espainiako Konstituzioa betetzea baino ez litzateke izango. Horretarako ere prest ez badaude, argi esan beharko da ordezkariek eta talde politikoek nahiago dutela euskaldunen etxeko pantailak espainolizatzen jarrai daitezen, neurri txiki batean bederen euskaldunduz joatea baino. Tornero presidenteari eleaniztasunaz galdetzea baino zerbait gehiago egin beharko lukete alderdiek, eta orain da unea.

Xabarin egitasmoa sustatu dutenen moduko herri mugimenduek bultzatu beharko dute bestela RTVEn euskaraz gehiago entzunaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.