Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Trumpkeriak

2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump presidente estatubatuarrak USAGM komunikabide globalen agentzia deseusteko agindua eman zuen aurreko asteko ostiralean, eta horren ondorioz Voice of America (VOA), Radio Free Europe (RFE), Radio Liberty (RL), Radio Free Asia (RFA) eta Radio Martí irratiek emanaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Etxe Zuriko maizterraren beste urrats bat estatuak finantzaturiko hedabide independenteak kontrolatu eta bere kontrakoak ixteko, eta, aldi berean, beharrezkotzat jotzen ez dituen gastu publikoak murrizteko. Izan ere, erakundeak ia 300 milioi dolarreko aurrekontua zuen, eta 2.000 langile inguru, egun batetik bestera kaleratuak izan direnak.

Nazioarteko ahots batzuek, besteak beste Mugarik Gabeko Erreportariek, oso larritzat jo dute erabakia, baita adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat hartu ere, eta ohartarazi dute itxierak herrialde batzuetan lanean ari diren kazetari batzuk arriskuan jartzen dituela. Izan ere, irrati horien mezuak zenbait lekutan tokiko gobernuek ezarritako zentsurari edota isiltasun informatiboari aurre egiteko bitartekoak ziren; Voice of America, adibidez, duela laurogei urte jaio zen, nazien propagandaren kontrako emanaldiak hainbat hizkuntzatan eskaintzeko.

Aurretik esan nahi dut edozein komunikabideren itxieraren iragarkia albiste txartzat jotzen dudala, baina aldi berean aitortu behar dut ez dudala sinesten irrati horien mezua inozoa zela, are gutxiago askatasunaren ikur, besteak beste ondo ezagutzen baitut Radio Martí, Kubako iraultzaren aurkako propaganda tresna gisa sortu eta erabili dutena, gobernu legitimoaren kontrako esku hartzea bultzatzeko. Gainera, itxieraren aurkako ahots batzuek beldurra adierazi dute emanaldien etenaldiak bide emango dielakoan beste potentzia handiei informazioaren kontrola berenganatzeko, eta, beraz, Hollywoodeko industriak saldu digun munduko salbatzaileen rola galduko lukete AEBek, uhinetan bada ere.

Badago hainbat tokitan, baita gurean ere, zenbait gairen inguruan dagoen iluntasun informatiboari aurre egiteko irrati alternatiboen sare handi bat. Horretaz gainera, Interneten bidezko emanaldiei esker, ia mundu osoko irratiak —txikienak barne— entzun ahal ditugu. Eta horien bidez AEBetako herritar kritikoek —egon badaude— jaso ahal dituzte Trump eta Muskek inposatzen duten ilunaldi informatiboa gainditzen duten irratsaioak, baita Uhin Laburreko seinalea jasotzen ez duten hargailuetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.