Lide Hernando.
'Ekografiak'

'True crime'-aren isats luzea

2024ko urriaren 17a
05:00
Entzun

Berandu ohartu naiz honetaz, baina kontua da true crime-aren negozioak uste genuen baino oraindik ere irabazi handiagoak ematen dituela gaur egun. Eta ez naiz genero horretako filmek eta telesailek azkenaldian izan duten gorakadaz soilik ari. Bai, tankera horretako lanek ia betidanik piztu izan dute jendearen morboa, eta ez dago dudarik gaur egun horien esplotazio garai batean bizi garela. Baina, nire uste apalean, horren guztiaren kolperik bikainena zera da; halako fikzioren bat estreinatzen den bakoitzean, kasik nahi izan gabe, normalean plataforma berean egon ohi den beste lan baten gorakada ere gertatzen dela: dokumentalarena. Bi txori tiro batez hiltzen ditu fenomenoak, eta ni seigarrenez erori naizen arte ez naiz ohartu!

Zuetako zenbatek ikusi duzue Asunta kasuaren dokumentala, El caso Asunta telesailaren ostean? Zenbatek Dahmerri buruzko dokumentala, Monster: the story of Jeffrey Dahmer telesailaren ostean? Zenbatek Barbara Reyrena, Cristo y Rey telesailaren ostean? Zenbatek Locomiarena, honen telesaila ikusi ondoren? Nik bai, den-denak. Jakina da horrelako krimenei eta azpijokoei dagozkien kasu errealetan oinarritutako lanak ikusteak ematen digun jakinduria handia dela —hainbat ikerketa egin dituzte horrek ikusleari psikologikoki eragiten dion lasaitasun eta errugabetze sentsazioari buruz—; baina beste hainbeste ikerketa antropologiko egin beharko lirateke beste honi buruz ere. Fikzioa ikusi ostean gai berari buruzko dokumentala ikusteak egiara gehiago gerturatzen ari garelako sentsazioa ematen al digu? Ala horren harrapatua gauzka istorioak, ezen horri buruzko beste edozein gauza ikusi behar izaten baitugu, hurrengo telesaila ikusten hastearekin batera ahanzturan abandonatu aurretik?

Erantzun enpirikoren bat topatu artean, ordea, istorio sortzaile baino diru sortzaile diren plataformetako agintariak eskuak igurzten ari dira fenomeno honekin. Egia esaten badizuet, tendentzia horretaz Menendez anaien telesaila ikusi ostean Netflixek dokumentala estreinatuko zuela jakin nuenean ohartu nintzen; lehenbiziko aldia izan baita telesaila ikusi eta hainbat egun itxaron behar izan ditudala, pazientzia gutxirekin itxaron ere, dokumentala estreinatu arte.

Hitz batean, bikaina. Ze tuntunak garen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.