Duela gutxi BERRIAn ateratako albiste hau irakurri nuen: «RTVEren 2CAT katalanezko kateak irailean hasiko ditu emankizunak». Eta betikoa gertatu zitzaidan: hasieran poza sentitu nuen, naziorik gabeko hizkuntza batek telebista jeneralistan leku bat izango duelako; gela bat, norberarena. Ondoren, inbidia apur bat ere bai: kataluniar hauek beti gu baino pauso bat aurrerago doaz burujabetzaren lorpenetan; istilurik piztu gabe eta elegantziaz, gainera —baita diru gehiagorekin ere, esan beharra dago—. Baina hortik minutu apur batzuetara, beste pentsamendu batek ilundu zidan gogoa: horrelako taktikak Espainiako estatuaren Troiako zaldi soil bat direlako errezeloa.
Poza, inbidia, errezeloa; betiko sentimendu arkua. Urtzi Urkizuren artikuluak zioenez, irailaren 11rekin, hau da, Diadarekin batera, estreinatuko omen da kanala. Kataluniarrek euren identitatea eta burujabetasuna aldarrikatzeko duten sinbolo edo zita bakarrenetako batean estreinatuko da kate espainiar baten baitako katalan hizkuntzako katea. Ez naiz bakarra horren gainean dagoen arrisku itzala ikusten duena, ezta? Artikuluak, halaber, Albert Dalmau Kataluniako Generalitateko kontseilariaren hitzak jasotzen ditu —PSC alderdikoa, bide batez—: «Katalanezko kanalak Espainiako Gobernuaren ekimena erakusten du. Eta, aldi berean, erakusten du ulertzen duela Espainia herrialde plurala dela, eta hainbat hizkuntza hitz egiten direla bertan».
Noski, hark hizkuntza-eskubideak bermatzearen goxokia, txanponaren aurpegi samurra, erabili izana da nire ustez keinurik arriskutsuena. Lehen, behintzat, Espainiak gurekiko eta gure hizkuntzekiko arbuioa lotsarik gabe adierazten zuenean, bagenuen zeren kontra borrokatu, zeren kontra batu. Orain, ordea, besoak zabaldu, eta zera esaten digute: gelditu zaitezte hemen, begira ze goxo egongo garen denok elkarrekin.
Eta bai, sentitzen dut; baina nik mesfidantzaz ikusi nuen Eurovision jaialdian galegozko abesti batek Espainia ordezkatzeko aukera; eta batzuetan alferrikakoa ikusten dut gure hizkuntzak kanpoan duen diaspora eta oihartzuna diruz zaintzea, etxean haren biziraupena ziurtatuta ez badugu.
Bitartean, aurreko artikuluan aipatu nuena: euskararen erabileraren kurba geldialdi batean dago, ez atzera, ez aurrera.