Lehen denboraldia pandemia garaian estreinatu zuten, bidaiatzea debekatua zegoenean, eta, paradisuzko kokalekuetan girotuta dagoenez, ikusle askorentzat The White Lotus seriea ihesbide moduko bat bihurtu zen. Munduan telesail ugari estreinatzen dituzte astero, baina gutxik lortu dute horrek lortu duena: kritikarien eta ikusleen oniritzia. 2021ean lehen denboraldia estreinatu zutenetik, arrakasta itzela lortu du. Hirugarren denboraldia lurreratu berri den honetan, arrakastaren gako posibleak aletu nahi ditut.
Antologia gisa pentsatuta, denboraldi bakoitzak helmuga batera eramango du ikus-entzulea, betiere White Lotus kateko hotelek eskaintzen duten luxuaren bueltan. Lehen denboraldian, ikusleei Hawaiiko hondartzez gozatzeko parada eman, eta gizarte klaseen arteko desberdintasunen inguruko kritika mahaigaineratu zuten sortzaileek. Bigarrenean, Italiaren eta konkretuki Siziliaren berezko edertasunaren testigu bilakatu, eta sexualitatearen, desleialtasunaren eta genero rolen inguruan hausnartu zuten. Orain, hirugarren denboraldian, Mike Whitek Thailandiako tenplu exotikoetara eramango du ikus-entzulea, eta frogatuko du horrelako paradisuak dirudunen xelebrekerietarako eta ekintza arbuiagarrietarako agertoki ezin hobeak direla.
Aktore batzuk ezagunak dira; beste batzuk, hasiberriak edo ezezagunak. Nolanahi ere, guztiek lagundu diote sortzaileari pertsonaia deskribaezinen mosaiko bat eraikitzen. Horietako batzuk meme eta pop kulturako ikono bilakatu dira ia; Tanya eta Armond dira akaso ezagunenak. Cristobal Tapia de Veerrek-en soinu banda oso erakargarria eta berezia ere seriearen zutabe nagusietako bat da.
Denboraldia ez da osorik estreinatu: atal bakarra ematen dute astero, eta horrek sareetako eztabaidak eta lagunarteko elkarrizketak elikatzen ditu. Hori, txikikeria dirudien arren, fenomenoa puztearen erantzule nagusietako bat ere bada.
Satira soziala, umore beltza eta misterioa, agertoki exotikoak, askotariko protagonistak eta antzezle bikainen zerrenda, horiek dira telesail arrakastatsuaren zenbait ezaugarri. Hiru denboraldiek ezin hobeto uztartzen dituzte gidoi zorrotza eta satira, eta aberatsen eta pribilegiatuen hipokrisia eta gehiegikeriak umore beltzez jorratzen dira.