Telmo eta Kixi, Kixi eta Telmo. Asier Altuna Kixi eta Telmo Esnal zinemagileak XXI. mendeko sortzaile ezinbestekoak dira euskal unibertsoan. Hogei urte beteko dira aurten Aupa Etxebeste! filma estreinatu zutenetik, eta oso aintzat hartzekoa da pelikula horrek euskaraz filmatutako zineman izan zuen garrantzia. Zinez, hil ala bizikoa. Aintzat hartu: Aupa Etxebeste! filmaren aurretik, 12-13 urtean ez zen aretoetara euskarazko pelikularik iritsi. Koldo Izagirreren Offeko maitasuna (1992) eskasa eta Arantxa Lazkanoren Urte ilunak (1993) interesgarria izan ziren azkenak euskaraz, eta ondotik, basamortu luze bat zeharkatu behar izan zuen euskarazko zinemagintzak. Hain zuzen ere, 2005ean Kixi eta Telmoren pelikula ederra iritsi zen arte.

Formatu laburrean izan ziren tartean lan batzuk. Esaterako, Koldo Almandozek 1997. urtean aurkeztu zuen bere lehen film laburra Donostiako Zinemaldian: Razielen itzulera. Zabaltegi sailean estreinatu zuten lehen euskarazko zinta izan zen hura. Garai bertsuan jarri zuten martxan Kimuak egitasmoa. Eta 1997koa da Esnalek eta Altunak zuzendu zuten Txotx film laburra ere. Paco Sagarzazu eta Kandido Uranga aktoreak ari ziren labur hartan. Eta orduan hasi zen Gipuzkoako bi zinemagileen tandema fruituak ematen. Ondotik, Kimuak egitasmoan hautatuak izan ziren haien beste film labur batzuk ere; kasurako, 40 ezetz. Idi proben eta apustuen gaineko parabola xelebrea da hori, 1999. urtean estreinatutakoa. Zinemagile bakoitzak bere aldetik egin zituen hainbat lan gero: film laburrak (Kimuak-ekoak asko), dokumentalak eta fikziozko film luzeak.

2019. urtean, berriz, elkarrekin zuzendu zuten Agur, Etxebeste!. Lehen zatiaren segida, eta berriz ere Ramon Agirre eta Elena Irureta aktore zoragarriak rol protagonistak jokatzen. Bigarren zati horrek ez zuen lortu lehenak adina ikusle aretoetan, baina dibertigarria denik ezin da ukatu. Telmo eta Kixiren eskua, ironia eta umore fina hor daude.

Ikus-entzunezkoetan mota askotako lanak egin dituzte urteotan Esnalek eta Altunak. Eurenak ez ziren proiektuetan ere aritu dira: argazki zuzendaritzan, ekoizle lanetan, gidoigintzan... Bakoitza bere eskarmentua beste batzuen zerbitzura jarriz. Baina bada garaia, Aupa Etxebeste!-ren 20. urteurrena beteko den urtean, biei batera aitortza publiko bat egitekoa. Aukera ona izan daiteke datorren Donostiako Zinemaldia, jaialdi horretan estreinatu baitzuten Aupa Etxebeste!. Baina izan daiteke beste edozein ekitalditan ere. Kontua da pelikula ahanzturan ez gelditzea, hogei urteotan euskarazko zinemarik izan baldin bada Kixi eta Telmoren ahalegin hari esker izan baita. Ezin albo batera utzi, noski, film hura egiteko dirua lortzen aritu ziren ekoizleak; adibidez, Jose Maria Txepe Lara.
Zaragozako ikasleentzat
Zaila gertatzen da sormen lan batek zer inspirazio ekarri eta zer erabilpen izan dezakeen jakitea. Zaragozako (Espainia) irakasle batek Lanbide Heziketako 16, 17 eta 18 urteko ikasleei askotan hitz egiten die Aupa Etxebeste! filmaren inguruan. Digitalizazioa ikasgaian aritzen zaie hartaz, eta, hark esana da pelikulak modu bikainean islatzen dituela hainbat kontu: itxurakeria, baina herritarren aurreko itxurakeria, Interneteko sare sozialen garaiaren aurretik; postureoa, Instagram aurretik, nolakoa zen lehen... Ikasleekin eztabaidatzeko materia egokia da filma, irakasle horren arabera.
Hogei urte pasatu dira Telmok eta Kixik film hura egin zutenetik, eta gizartean izan diren aldaketak nabariak dira. Nabarmentzeko moduko filma da, gaur egungo begiradatik ere. Zahartu da, noski. Baina euskarazko zinema kalitatez egin zitekeela erakusteko adibide oso esanguratsua izan zen bere garaian. Euskal zineman mugarri da, eta euskaraz egindako zinema aztergai duten lan guztietan izan beharko du bere urrezko tokia.
Javi Pezen musikak euskaldun askoren memoria historikoan toki bat du gordea. «Marbellara, ezta?», bizilagunaren galdera. «Urtero bezala», Elena Iruretak, irribarre faltsuz. «Oporrak etxean pasatuko ditugu», Ramon Agirrek familiari. Etxean!?