gaizka izagirre
'Ekografiak'

Telezaborraren hastapenak

2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

Iragan astean Jerry Springer: Fights, Camera, Action iritsi zen Netflixera; The Jerry Springer Show AEBetako saio polemikoaren nondik norakoak aztertzen dituen serie dokumentala da. Bi ataletan zehar, telesailak begirada sakona eskaintzen die saioaren eskandalu nabarmenei; bai kameren aurrean, baita atzean gertatu zirenei ere. Muga etiko, moral eta (ia) legal guztiak zeharkatu zituen saioa izan zen. AEBetako historiako telebista saio gutxiesgarri eta zitalenaren atzean zegoen guztia erakusten du.

1991n sortu zenetik, talk show konbentzional batetik saio sentsazionalista eta neurrigabe batera aldatuz joan zen. Hogeita zazpi denboraldi iraun zuen, eta telezaborra deiturikoaren aitzindari kontsideratzen da.

Lehen atalean, Richard Dominick ekoizlearen gidaritzapean, saioak izan zuen eraldaketa aztertuko dute; izan ere, Dominickek, ikusle datuak handitzeko, edukia muturreko sentsazionalismora eraman zuen. Gertakari polemikoak nabarmentzen dira: hala nola bere familia poney batekin ezkontzeko —eta erlazioak izateko— utzi zuen gizonezkoaren kasua, zuzenean gertatzen ziren etengabeko borrokei buruzkoak eta desleialtasun kasu polemikoen ingurukoak.

Bigarrenean, eduki eskandalagarriagoaren bilaketa etengabearen ondorioak aztertzen dira, gonbidatuengan eta ekoizle taldearengan izan zuen eragina barne. Hainbat kasu tragiko ere aztertuko dituzte; Nancy Campbell-Panitz programan parte hartu ondoren senar ohiak hil zuen emakumearena adibidez. Ekoizleen erantzukizunari buruzko galdera ugari eragingo ditu horrek.

Dokumentalak hain ikuskizun neurrigabearen atzean dagoen makineria argi azaltzea lortzen badu ere, batzuetan badirudi bere jarrera kritikoa zalantzan jartzen duela; ikuspegi anbiguo horrek indarra kentzen dio hedabideetako etikari eta erantzukizunari buruzko mezuari. Zentzu horretan, guztia oso azaletik jorratzen da, sakontasuna falta zaio, motz samar geratu zait.

Azaleko entretenimenduaz harago, telebistako etikari eta ikusleak harrapatzeko giza emozioak ustiatzeari buruzko galdera kezkagarriak planteatzen ditu telesailak. Entretenimenduaren mugez hausnartzera gonbidatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.