Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Telefonoa pertsonaia bat da

2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Zerbait gertatzen ari da telefonoaren Internet bidezko mezularitza irudiztatuarekin. Egia da, egunerokoan gero eta pisu handiagoa daukala telefonoak—ez soilik gero eta handiagoak direlako—. Tira, telefonoa baino edozer gauza dei dakioke poltsikoan sartzen dugun pantailadun gailu horri. Den moduan dela, ikus-entzunezko narratiban eragina dauka. Nolakoa den eragin hori, ez da jakina oraindik, baina, zerbait gertatzen ari dela oso agerikoa da.

Batetik, aurrerapen teknologikotzat jotzen den neurrian, ikus-entzunezko ekoizpenak pantaila txiki horietan ikusteko egokituak izan ohi dira. Are gehiago, telebista kateez gain, hedabide taldeek ere aplikazioak dituzte. Bide batez, dena esan behar bada, aldrebesak dira gehienak: edukiz eduki salto egiterakoan arazoak ematen dituzte, ikustaldia tarte batez pausatu eta berriz ere hastean trabatzen dira, eta abar.

Horrez gain, ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez —hau da, adituek lengoaia dela ezeztatu arren, ikus-entzunezko jendeak lengoaia deitzen jarraitzen dion hori— aldaketak eragin ditzaketen ariketak igartzen dira. Adibidez: telefonoa pertsonaia bat da. Horrek planoen konposizioan eragina dauka. Izan ere, ohiko planoen erabileratik at —ertaina, xehetasun planoa eta abar— planoak hartzen dituen elementuak bestelako garrantzia dute. Zergatik? Bere kabuz hitz egin ezin dezakeen, baina, pertsonaiekin interakzioan informazioa eskaintzen duen elementua kontuan hartu behar delako.

Baina ez hori bakarrik. Telefono bidezko elkarrizketen bideoak errelatoak kontatzeko euskarri gisa erabiltzen hasi dira. Telebistan eta sare sozialetan ikusi ditugu halakoak. Batez ere, pildora informatiboak egiten dituzten hedabideak erabiltzen hasi dira. Gure pantailan telefono pantaila bat ageri zaigu, non, testuaren bitartez, mezuz mezu istorio bat kontatzen zaigun. Istorio horrek bi protagonista nagusi ditu eta bigarren mailako nahi beste izan ditzake. Hala ere, ikusleak ez du inor ikusten. Dena beste baten Whatsappeko mezuak irakurrita eraikitzen du.Interesgarria da fenomenoa. Ikusleak mezularitza aplikazioa ezagutzen duenez gero —populazioaren gehiengoak erabiltzen du—, hainbat ezaugarri jakintzat ematen ditu. Hau da, elkarrizketa erreala dela, alegia, egiazko lekukotzaren testiguak direla uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.