Leire Palacios.
EKOGRAFIAK

Telebista?

2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Telebista publikoaren inguruan gogoeta egiteko ikastaroa antolatu zuten asteartean Eibarren (Gipuzkoa). Egun osoko hausnarketa entsaladak hiru ardatz izan zituen: goizeko txandan ikuspegi akademikoa azaldu zuten hainbat ikerlari adituk. Ondoren, telebistak eskaintzen dituen entretenimendu eta fikzio formatuetan oinarritutako iruditeri eraikuntzaz jardun ziren. Azkenik, bazkalostean, euskaraz jarduten duten hainbat telebistetako profesionalen ahotsa entzuteko aukera izan genuen.

Askotariko hitzak entzun ziren: datuak, joerak eta gogoak azaldu zein eztabaidak pizteko hitzak izan ziren nagusi. Kazetaritza ikuspegitik titulargintza emankorra eskaini zuen saioak. Esandakoen artean bat aukeratu behar izatekotan, testuinguruaz ateratzea komenigarria ez den hurrengoa izan daiteke: «Telebista hilda dago». Yurre Ugarteren hitzak dira. HBO katea EITBek fikzioa sortu aldera ispilu egokia izan daitekeela ondo esan zuen. Telebista formula klasikoari erreparatuz esan zituen hitz horiek. Arratsaldeko txandan hitza hartu zuen Goizalde Landabasok, Ugartek goizean esandako hitz horiei erreferentzi egin eta gehitu zuen: «Telebista generalista hilda dago». Irmo eta aberats jarraitu zuen Landabasok: «Telebista publikoak jende kritikoa sortu, hezi eta entretenitu behar du». EITBren inguruan dabiltzanak —langile, ikusle, iritzi emaile gisa— sekula santan ahaztu behar ez dituzten hitzak dira.

Irati Elizalderen ustez, kazetaritzari dagokionez, «ez da ezer berria sortu behar», baina, guztien jarduna entzun ondoren, formula estrategiko eraginkorren bila bide luzea daukagula dirudi. Are gehiago etorkizunari begira erronka argia marrazten ez badugu. Zertarako nahi dugu telebista publikoa? Euskarak mahai guztiak zeharkatu zituen. Guztietan loratu baitzen hizkuntzarekiko kezka. Euskal telebistaren sorreran hizkuntza normalizazioaren alde lan egiteko konpromisoa agertu zuten ezbairik gabe. Gaur egun, kornpromiso hori kolokan jartzen dute hainbat ahotsek. Sare sozialetara begiratua botatzea besterik ez dago, adibidez. Landabaso, EITBko kazetariak «uste dut gizartea euskaldundu behar dugula, eta herriaren errealitate ezberdinei erantzun behar diola telebista publikoak, helburu hori lortzeko. Uste dut oraindik ere hori badela EITBren helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.