Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Telebista eta papera

2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Txoria dut maite. Aste ero. Egunean giro. Babel. Kantautore baten abesti traketsen zerrenda izan zitekeen hori. Baina ez. ETB1eko telebista saioak dira denak, eta ezaugarri bat konpartitzen dute: Martxelo Otamendi izan dute partaide edo aurkezle. SuperBaten garaietan munduratu ginenoi sinestea kostatzen bazaigu ere, hala da: beste bizitza batean, egunkarien zuzendaritza taldeetatik urrun, telebistako kide izan zen Otamendi. Ez dago orain saioak ikusterik, baina hala izan zela frogatzen duten bideo-pilulak egon badaude. Wikipediak ere halaxe dio.

Ez da pleistozenoan jaioa izan beharrik Otamendi telebistan ikusteko. Bi une latzetan gogoratzen dut nik hor, pantailaren beste aldean: 2004ko maiatzaren 11n, tertuliakide gisa, Madrilgo treneko atentatu jazo berria ETAk egina ote zen galdetzen ziotenean. Eta lehentxeago, 2003an, mikrofono mordoa parean zituela, Euskaldunon Egunkaria-ren auzia zela-eta atxilotu zutenean, torturatu egin zutela salatzen. Gure historia kontatzeaz gain, bizitzea ere egokitu zaio. Baina eraso ilun horietatik indarberrituta zutitu zen orain irakurtzen ari zaren egunkari hau. Eta baita hogeita hamar urtez zuzendari izan duen kazetariaren erreferentzialtasuna ere. Geroztik, modu eskuzabal eta buruargian baliatu du komunikabideek eskaintzen dioten arreta. Jakin du telebistan tokirik ez duten mezuak bertan sartzen, eta egokitu da formatu bakoitzak eskatzen duen jarrerara.

Ikusi dugu tertuliakide serioaren plantan, ikusi dugu Gure Kasa-ko tonu arinarekin eroso jolasten, baita —Anjel Alkainen imitazioari esker— hitz-jario-ezin-azkarragoko pertsonaia bihurtuta ere. Azkenekoz, Biba zuek! programan izan da, zer eta gaur bertan erretiroa hartuko duela azaltzeko. Zutabe hauek gorabehera, gutxi dira ETB eta euskarazko prentsa idatzia batzen dituzten zubiak. Are gutxiago telebistaren erreferentzialtasuna erabiltzen jakin duten papereko kazetariak. Otamendiren ekarpenen errepasoa egitea dagokionak ez dezala horretan izan duen rola ahaztu. Gaur hartu du erretiroa. Beti etzirako utzitako telesailak ikusteari ekingo dio beharbada, eta ez harritu —aurrez beste asko bezala— Instagram edo Tiktok kontua sortzeko tentazioan jausten bada inoiz. Baina litekeenagoa dena: telebistan ikusiko dugu laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.