Orain bi urte hasi ziren, inguruko euskararen erabilera sustatzeko eta gazteentzako entretenimendua eskaintzeko helburuarekin. 17 eta 18 urte bitarteko gaztetxo talde batek Lekunberri.tv telebista sortu zuen, zaletasunez eta «batez ere ondo pasatzeko», eta astean behin ordubeteko saioa egiten dute. Baliabide gutxirekin baina gogobetez aritzen dira, eta Lekunberri (Nafarroa) inguruko jendea saiora lotzea lortu dute.
Aner Ansorena da saioko aurkezlea eta telebistako zuzendaria. Internet bidezko zuzeneko irratsaio batekin hasi zuen dena, 2010eko uztailan. «Elkarrizketak, eztabaidak eta albisteak egiten genituen», gogoratu du. Atez ateko hondakinen bilketak eztabaida handia sortu zuen orduan, eta gai horri emandako trataerak jakin-mina piztu zuen gaztetxoen irratsaioaren inguruan. «Eskualdeko Aralar irratian irratsaio berbera egiteko aukera eskaini ziguten orduan».
Urte horretako azaroan irratitik telebistara jauzi egitea erabaki zuen Ansorenak. «Nire etxean hasi ginen, eta kultur etxeko gela bat utzi ziguten gero. Gaur egun, udaletxeko batzar aretoan egiten ditugu saioak».
Ansorenak 18 urte besterik ez du, baina natural-natural aritzen da kamera aurrean. Lekunberrin ez ezik, inguruko herrietan ere ikusten dituzte saioak. «Jendeari gustatzen zaio, eta ezagunak egin gara inguruan».
Ostiralean biltzen dira asteroko saioa egiteko. Astelehenetan jartzen dute gero Lekunberri.tv atarian. «Ikasten gabiltza denok, eta nahiko lan eskatzen du».
Lau atal izan ohi ditu saioak. Hasierako agurra eta gaien zerrendaren ondoren, albistegiez arduratzen da Ansorena: «Inguruko gaiak jorratzen ditugu. Agenda moduko bat ere badugu». Kirolak Mikel Hernandorenak egiten ditu. «Herriko Beti Kozkor taldeaz eta inguruko pilota eskolei buruz hitz egiten dugu», azaldu du Ansorenak.
Albisteen ondoren, elkarrizketaren txanda dator; saioro gonbidatu bat eraman, eta elkarrizketa egiten diote. Bi urte horietan makina bat elkarrizketa egin dute. Besteak beste, Xabier Euzkitze, Oinatz Bengoetxea, Aitor Zubieta eta Nerea Alias eraman dituzte haien estudiora. Berri Txarrak eta Vendetta musika taldeko partaideekin ere egon dira. «Gure adinagatik harrituta geratzen dira».
Noizean behin saio bereziak prestatzen dituzte; Lekunberriko jaietan, esaterako, herriko plazan platoa jarri, eta herritar guztiei eskaintzen diete saioa. «Gazteak, adinekoak... jende guztia gerturatzen da gu ikustera».
Telebista da haien zaletasuna, eta «ondo pasatzeko» biltzen dira saioak prestatzera. Hala ere, jakitun dira beste hainbat gauza lortzeko bidea ere badela haien saioa: «Jendea kultur ekitaldietara animatu nahi dugu. Gainera, ETB Nafarroan ezin denez ikusi, euskarazko telebista ikusteko aukera eskaintzen dugu».
Publizitateari esker lortzen dute saioa ekoizteko beharrezkoak zaizkien baliabideak. «Idazpen enpresa bati publizitatea egiten diogu, eta trukean, gure platoko atzealdea egiten digu».
Bihar Korrikari buruzko saio berezia ikusi ahal izango da Lekunberri.tv telebistan. «Ostiralean Lekunberritik pasatu zen Korrika, eta bertako giroaren berri emango dugu». Umorea ezaugarri garrantzitsua dute. «Kontuz atsoak saioko Maikrux pertsonaiaz mozorrotuko naiz, eta beste modu batera girotuko dugu Korrika».
Hurrengo urtean kazetaritza ikasketei ekingo dio Ansorenak,etorkizunean telebistako aurkezle gisa lan egitea baitu buruan. Eskarmenturik, behintzat, ez zaio faltako.
Komunikazioa
Telebista egiteko pasioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu