gorka julio
IRLEN SAREA

Teklatuak euskaratu

2017ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Badaukagu Androiderako teklatu libre eta euskaldun bat behingoz!». Horrela hasten da Librezale.eus webgunean taldeak publikatutako mezuak. Beste batzuk sakelako telefonoarekin datorren teklatuarekin konformatuko lirateke, nahiz eta euskaraz idazteko deseroso edo arazotsua izan zenbaitetan. Software librearen magiaren eta boluntarioen lanari esker, orain AnySoft euskarazko teklatuaz disfrutatzeko aukera dugu.

Android sakelako gehienetan, euskara ez dago hizkuntza aukeraketen artean, eta horrek muga handi bat suposatzen du euskaraz idatzi nahi dutenentzat, zuzentzaile bat erabiltzeko garaian, adibidez. Horrez gain, euskaraz berezko zenbait ezaugarri ere ez dira teklatu horietan kontutan hartzen. Beste teklatu askok pribatutasun aldetik sortzen dituzten zalantzak ere azpimarratu dituzte, horietako batzuek idatzitako guztia miatu eta zerbitzari batetara igo dezaketelako.

Horren aurrean, Librezale.eus taldekoek AnySoftKeyboard software libre teklatua hartu, eta euskarazko pakete berria sortzea erabaki dute. Aplikazioa bera ere itzuli dute, Crowdin tresna erabiliz. Teklatu hori erabili ahal izateko AnySoftKeyboard bera instalatu ondoren, teklatu horrentzako Basque Language Pack ere instalatu behar da. Biak Google Play-en edo F-droid biltegi alternatiboan aurkituko dituzue. Gero sarrerako testua kudeatzeko teklatu berria aukeratu beharko duzue bakarrik.

Alde batetik, Igor Leturiak Firefox OS erako sortutako zuzentzaile baten, euskara batua eta bizkaiera onartzen dituen moldaketa bat erabiltzen du. Bestetik, datraolat funtzioa ere gehitzen dio teklatuari. Traolak erabili behar diren lekuetan, deklinabidea egiteko «-» edo «» erabili beharrean, traola errespetatuz, espazio hutsa gehitzen dion funtzioa da; teklatuaren d teklaren zapaltze luze baten bidez aktibatzen dena. Hizkuntza anitzetan idazteko ere baliagarria da, hizkuntza aldaketak erraz egiteko aukera ematen baitu.

Beste behin ere, baliabide gutxirekin eta errekonozimendurik gabe ere, ondare komun hori elikatzeko jendeak egiten duena harrigarria da. Adibidea bikaina da, bere sinpletasunean: librea den programa bat hartu, euskarara lokalizatu, beste proiektu libre baten baliabideak moldatu eta funtzioak gehitu. Dena, denon eskura. Txalotzekoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.