gaizka izagirre
'Ekografiak'

Talibanak

2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako tropak Afganistandik alde egin eta berehala, talibanek HollywoodGate izeneko gunea okupatu zuten, ustez CIAk Kabulen zuen basea. Talibanek hegazkin, tanke, arma eta ekipo militarretako pieza ugari aurkitu zituzten bertan.

Ibrahim Nax'at zinemagile egiptoarrak urtebete eman du talibanen egunerokoa filmatzen eta Filmin plataforman ikusgai daukazuen Hollywoodgate estreinatu du. Ez da ezkutuan grabatu den lan bat: irudiak grabatzeko haien baimena izan du; izan ere, hasieran, atzerriko zinemagile baten presentzia erakargarria egiten zaie talibanei. Haien egoa, garrantzitsuak izateko nahi hori, oso agerikoa da hasieratik. Dokumentalak aurrera egin ahala, ordea, jarrera aldatu egingo da eta «haren asmoak txarrak badira, laster hilko dugu» eta halako esaldiak entzuten dira dokumentalean.

Nax’at buruzagi taliban berrien bizitzetan barneratuko da: Mawlawi Mansur aireko indarraren komandantea, MJ Mukhtar trebatzen ari den pilotua eta halako figurak ageri dira, adibidez. Kameraren bidez, AEBetako ekipo militarraren jabetzea harrapatzeaz gain baseko agintari berrien egunerokotasunean murgilduko gaitu: haien diskurtsoak, entrenamenduak eta egitura militarraren berrantolaketa erakusten ditu zuzendariak.

Estetika soil eta erritmo pausatu batekin garatzen da lana: muntaketa nahiko arrunta da, ez dago artxibo irudiekin lagundutako narratibarik eta ehizatzen dituen irudietan ez dago gordintasun edota eszena bereziki deigarririk. Irudien gainetik narratzaile baten aipamenik edo off-eko ahotsik ez egoteak errealitaterako sarbide gordin baten aurrean egotearen sentsazioa indartzen du, eta horrek etengabeko tentsioa sortzen du. Baina Talibanen egunerokoa erakusten du, besterik ez; ikuslearen esku uzten du irudi horien esanahiaren atzean dagoen guztia deszifratzea.

Hautu narratibo horrek badu arrisku bat: nahi gabe bada ere, talibanak gizatiartzen dituzten uneak erakusten ditu. Dokumentalak propaganda talibanaren itxura hartzeko arriskua zuen, baina ez da halakorik gertatzen: irudiak erakunde militar islamistaren zentsuraren menpe daudela aipatzen da une oro. Filmaren amaierak hotzikarak eragiten ditu, ageri den desfile militarra sinestezina da.

Zinez interesgarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.