Arantza Gutierrez Paz.

Suteak pizten

2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Besarkaden liburuko Mundua kontakizunean Galeanok azaltzen du «zerura heltzea lortu zuen Kolonbiako kostan dagoen Negu herriko gizon batek», itzultzean, esan omen zuela: «Hori da mundua, jende asko, su txikien itsasoa». Eta amaitu zuela «horietako batzuek hain grinatsu erretzen dute bizitza, non ezin baitzaie begiratu begiak kliskatu gabe, eta hurbiltzen dena piztu egiten da». Eta hori gertatzen da herri-mugimenduekin, borroka «txiki» batzuekin: edonon sortzen dira, eta, guztiak batuta, sute bat osatzen dute, erraustu beharrean, utopiak argitzen dituena. Su Txikien Itsasoa izena hartu zuen 2023ko irailean, hain zuzen ere, Eskubide Sozialen Gutunak antolatu zuen herri mugimenduen topaketak, non trantsizio ekosozialaz hausnartu baitzuten hainbat herri mugimenduk.

Urte bereko urrian sortu zen Su txikiak irratsaioa Tolosaldeko Ataria irratian. Jon Miranda Labaienen eskutik, «Euskal Herriko luze-zabalean borroka ezberdinei oihartzuna emateko zabaldutako leiho» moduan aurkezten da, eta irailaren 16an bigarren denboraldiari ekin dio. Hedabide komunitarioak, mugimendu feminista, nazioarteko elkartasuna edo euskararekin zein euskal kulturarekin hainbat gai jorratu ditu lehenengo denboraldiko 15 saiotan (podcast moduan aurki daitezkeenak) eta ikasturteari hasiera eman dion lehenengo saioan, berriz, urrian Azpeitian egingo diren Sormenean hezi, kulturan bizi izenburuko jardunaldien inguruan aritu dira esataria eta Gotzon Barandiaran, eta hedabideek euskarazko kulturgintzaren transmisioan duten rola edo erantzukizuna izan dute hizpide.

Hamabostean behin, astelehenean iragarrita dago saioa, baina ohartu naiz aurreko ikasturtean emanaldien maiztasun malgua izan dela. Baina ulertzen dut entzuleek erraz barkatzen dutela hitzordura puntu-puntuan ez heltzea, pospoloak busti eta itzaltzen ez diren bitartean. Izan ere, horrelako irratsaioei esker ikusgai bihurtzen dira oharkabean pasatuko liratekeen borroka batzuk, eta zenbaitetan jauzi egiten dute bestela aipatuko ez luketen mainstream diren hedabideetara.

Eta ez dut amaitu nahi gogoratu gabe Bilboko 97 irratian emititzen den —urrian itzultzea espero dut, behintzat— Mar de Fueguitos saio historikoa. 2000. urtean sortu zen Radio Euskadin, eta irrati publikoko programaziotik kendu zutenean, ez zen isildu, eta tokia topatu zuen irratigintza askean, lehenengo Tas-Tas-en eta gero 97-n. Galeanoren hitzekin hasten da saioa, Tolosaldekoa ixten dituen berba berdinekin; azken honetan, berriz, euskaratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.