Lide Hernando.
'Ekografiak'

Sormenaz, sortzaileekin

2024ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Iaz aurkeztu zuen Hiru Damatxok BaDA!bil bideopodcasta, Durangoko Azokaren testuinguruan. Bertan, Amets Aranguren kazetari eta sortzaileak gidatuta, hiru gonbidatu eraman ohi dituzte aldiro, sormenarekin eta artearen industriekin lotutako —hobeto esanda, katramilatutako— gai gatazkatsu eta sakonen inguruan hitz egitera. Nik iazko edizioko elkarrizketetako batean parte hartzeko plazera izan nuen, gainesposizioa aitzakia; eta egia esan, bertan arnasten zen giro lasai eta konfiantzazkoa oso lagungarri egin zitzaidan nire gaiaren inguruko hausnarketa mardulen bat edo beste botatzeko. Zorionez, formulak teklaren bat jo omen du, aurten beste elkarrizketa labekada bat atera baitute Primeran plataforman.

Sortu, baina nola? izeneko lehen atalean oso gai interesgarri baten inguruan jardun dute oraingoan Maite Arroitajauregi Mursego musikariak, Xabi Ojinaga Arriguri ikus-entzunezko ekoiztetxeko kideak eta Idoia Tapia musikari eta aktoreak: musa eta talentua soilik behar ote dira sortzaile izateko? Ala aspektu ekonomikoa eta halako kontu ez hain erromantikoak beharrezkoak al dira artistaren bidea urratzeko?

Uste dut ez dagoela misterio handirik bigarren galderan: erantzuna baiezkoa da. Gogoan dut gazteagoa nintzenean gurasoekin Chillidalekura joan nintzenekoa. Eskulturak eta gidaren hitzak isil-isilik entzuten ari ginela, hara non gizon batek berarekin zihoan emakumeari bota zion: «Tira, tipoa familia aberatsekoa zela eta kito. Nik, nahi izanda ere, ezingo nuke eskultore izatea planteatu ere egin». Elkarrizketa hori sortzaile askoren ahotan ibili izan da; argi baitago sormenera dedikatu ahal izateko baliabideren bat edo beste behar dela. Eta atal honetako hiru elkarrizketatuak bat datoz premisa batekin: inspirazioa berdin lana. Eta lan egin ahal izateko, denbora behar da. Eta denbora hori izateko, erraztasun ekonomiko batzuk behar dira.

Aipatutako atalaz gain, belaunaldien arteko euskal kultur transmisioaren balioaz ere hitz egin dute beste batean; baita euskal kulturaren biziraupen ekonomikoaz ere. Oro har, iruditzen zait gako oso interesgarriak irteten direla elkarrizketa hauetan. Meritua, noski, ez da soilik gonbidatuena: antolatzaileek jakin behar dute nor zeri buruz hitz egitera gonbidatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.