gaizka izagirre
'Ekografiak'

Sormenaren aurkako erasoa

2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Sofan eseri, urrutiko agintearen play botoia sakatu eta telesail bat jarri duzu telebistan. Atala hasi eta minutu gutxira sakelakoa hartu, eta TikTok-eko bideo batzuk ikusten hasi zara. Minutu gutxiren ostean, sukaldera joan, eta hozkailutik mokadutxo bat hartu duzu. Sofara itzuli zara. Berriro sakelakoa, mezu bat iritsi zaizu eta irakurtzeko desiratzen zaude. Une horretan labea piztuta utzi duzula ohartu zara; sukaldera berriro. Buelta sofara, eta orain bai, pantailari begira jarri zara. Hori guztia telesailaren atala ikusten ari zaren aldi berean egin duzu.

Egoera hori, zoritxarrez, oso ohikoa da. Plataforma digitaletako eduki arduradunak joera horren jakitun, aurre egin beharrean,erabaki dute ohitura berri horrekin bat egitea. X-eko @DiscussingFilm kontu ezagunak honako albiste hau zabaldu du: «Netflixeko exekutiboek zenbait gidoilariri esan diete euren telesaileko pertsonaiek ozen esan dezatela egiten ari diren guztia, telebistara begira ez dauden ikusle horiek tramari erraz jarraitu ahal izan diezaioten». Eduki mota horiek topatzeko plataforman dauden ehunka mikrogeneroen artean Casual Viewing (euskaraz «ustekabeko ikustaldiak») deritzon bat gehitu dute; arreta handirik jartzen ez duzunean (ez) ikusteko aproposak diren film eta telesailak ageri dira bertan.

Absurdoa dirudien albiste horrek kezka sortzen dit. Agerikoa da azken urteotako kontsumo eredua oso toxikoa eta zentzugabea dela, baina benetan sinetsi behar dugu gizartea puntu horretara iritsi dela? Ez dago atzera-bueltarik? Garuna hain suntsitua daukagu? «Dagoena dago», eta kito? Bada, ni ez nago prest, eta ziur nago ikus-entzunezkoen sortzaile gehienak ere eredu horren aurka daudela. Sormenaren aurkako erasoa iruditzen zait.

Askok zera diote: «Horrek ez du esan nahi kontzentratzeko gaitasuna galdu dugunik, baizik eta entretenimenduarekin elkarreraginean aritzeko dugun modua aldatu egin dela». Ez nator bat inondik inora ere. Lehen kontzentrazio errituala zena —telebista aurrean esertzea, distrakziorik gabe, asteroko kapitulu batez gozatzeko— orain esperientzia zatikatu eta azaleko bihurtu da. Eduki sakonak edo esfortzu txiki bat eskatzen duten telesailak ikusteko ezgaitasuna nagusitzen ari da gizartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.