Arratsalde osoa telebistari begira eman duzu» esaten badizute, denbora, probetxuzko ezer egin gabe, alferrik galdu duzula leporatzen ari zaizkizula sentitzen duzu. Baina ez du zertan hala izan. ETB1 piztu eta 16:00etatik 20:00etara Ahoz aho eta Biba zuek! ikusiz gero, afalordurako kultuago eta jakintsuago izateko arriskua duzu, pilula txikietan jakintza handia bereganatuta.
Pilula horien adibide bat Asisko Urmenetak Biba zuek! saioan sorgin hitzari buruz eman zuen lezio argigarria izan zen. «Inkisizioak erre zituenak ez ziren sorginak, eta batzuk hil ziren ukatuz sorginak zirela», esan zuen. Sorgin izatea zer zen ere ez omen zekiten Inkisizioak horrela deitutako haiek. Inkisizioak ezarritako izena eta estigma da, beraz, hain onartua dugun sorgin hitza.
Kulturak eta jakintzak gogoeta sustatzen dutenez, hori entzun eta gero pentsatzeari eman nion, eta pentsatu nuen egia baldin bada, askotan diogun moduan, denok garela sortzaileak, sorgin hitza, Inkisizioak jazarritako emakumeak izendatzeko erabili beharrean, idazleak, bertsolariak, margolariak, kantariak, zinemagileak eta abarrak izendatzeko erabili beharko genukeela, hau da, gaur egun sortzaile izendatzen ditugunak. Horrela idazle, bertsolari, margolari... ez direnak iraintzeari utziko genieke, horiek ere sortzaile baitira.
Zalantzan jarri beharko ote luke orain bere izena, Urmenetak esan zuen moduan, Zugarramurdiko Sorginen Museoak? Zer gertatuko da Xabi Solanoren Erre zenituzten kantuarekin eta kantuan oinarritutako kamisetekin?
Kaka-nahaste ederra sortu du Euskaltzaindiak ere, orain arte denontzat Eneko Aritza izan dena Eneko Arista izendatuz, aurretik Etxegarate «betikoa» Etzegarate zela erabaki zuenean bezala.
Duela urte batzuk Azkoitiko Anaitasuna futbol klubari izena aldatzea proposatu nuen, eta Haurridetasuna deitzea, emakume taldeak ere badituelako. Erdi txantxetan erdi benetan egin nuen proposamena. Hobeto esanda, bederatzi hamarren txantxetan eta hamarren bat benetan. Banekien ez zidatela kasurik egingo.
Zutabearen espazioa bukatuko ez balitzait ad nauseam jarraitu ahal izango nuke horrelako burutazioetan. Eta hori dena haxixik erre gabe, telebista droga estimulatzaile bakar.
EKOGRAFIAK
Sorginak eta sortzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu