ASMR zaleak, adi, hau da zuen dokumentala; esperientziaz behar bezala gozatzeko, oso gomendagarria da entzungailuak alboan izatea. Filminen estreinatu berri den 32 Sounds proposamenaz ari naiz. Asko sinplifikatuz, hau da topatuko duzuna: Sam Greenek 32 entzumen esperientzia ezberdin proposatzen dizkigu, eta jarrera nahiko aktiboa eskatzen digu; une batzuetan, begiak ixtera gonbidatuko gaitu, eta film osoan zehar arreta osoz entzutearen ekintza azpimarratzen du. Gainera, dokumentalak, hainbat soinuren barne-miaketa egitea proposatzen digu, oroitzapenak, emozioak eta zentzumenak modu paregabean gogora ekartzeko duen gaitasunaz hausnartzeko.
Aipagarriena zera da, narratibaren erdian jartzen duela soinua, eta irudiari baino garrantzi handiagoa ematen dio. Aktiboki entzutera gonbidatzen gaitu Greenek eta eguneroko bizitzan oharkabean pasatu ohi diren soinu xehetasunei arreta jartzera; kolpeak, kirrinkak, txaloak, erleen burrunba, amaren sabelean gaudenean entzuten den lehen soinua, zuhaitzen arteko haizea edota grabazio zahar baten audioa, adibidez. Soinu horiek ez dira soilik fenomeno akustiko gisa aurkezten, oroitzapen, une historiko edo esperientzia emozional sakonetarako atari gisa baizik. Proposatzen duen soinu ibilbidea historikoa da batzuetan, espaziala beste batzuetan, eta kontzeptuala besteetan. Soinuaren historiako une ezberdinetara eramaten gaitu.
Lanaren gakorik nabarmenetako bat ikuslearen murgiltze-esperientziarekin nola jokatzen duen datza. Entzungailuekin hobeto gozatzen den dokumentala da, teknologia binaurala erabiltzen baititu Greenek —Artxipelagoa podcastean erabiltzen dena, adibidez— audioaren hiru dimentsioko sentsazioa sortzeko. Dokumentalaren egitura zatikatua da, bere muina osatzen duten banakako 32 soinuei jarraituz eta bakoitza modu autonomoan aurkeztuta dago.
Zalantzarik gabe, generoaren ohiko hesiak hautsi eta espektatibak desafiatzen dituen proposamena da. Nahiz eta agian, duen izaera esperimentalagatik, ez den guztion gustukoa izango; esfortzu txiki bat egiten baduzue, bete-betean murgilduko zarete soinuari egindako omenaldi polit honetan.
Soinuari buruz hausnartzeko gonbita egiten duen obra berezia da, eta horrek duen botere narratibo eta emozionala itzela agerian uzten du.