Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Soinu-itsasoa

2025eko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Martxoaren 12an, podcasten Ondas sarietako irabazleen izenak ezagutaraziko dira. EITBk aurkeztutako bi saio hautagai dira: Holobiontea, soinu-diseinu onenaren atalean, eta Mare, hizkuntza koofizialetako onenaren eta podcast esperimentalen kategorietan. 2023an Inko Martin eta Maider Uriartek ekoitzita, ingurumenaren kontzientzia, itsas bizitzaren dibulgazioa eta sormen artistikoa uztartzen dituen podcast gisa aurkezten da, eta 3-5 minutuko hamabi atalek osatzen dute.

Sarien albistearen harira ezagutu dut Mare, eta justu agertu zait ikasgelan soinu-paisaien gaia azaltzen ari nintzela eta ikasleei beren ekoizpenetan sormenez jokatzeko eskatu diedanean, ausartak izatera gonbidatuz. Kointzidentzia ederra.

Aurikularrekin entzunda, kapitulu bakoitzak irauten duen tarte labur horretan, itsas uretan murgiltzen ari nintzela sentitu dut. Eta behin itsasoaren sakonera sartuta, soinuz beteriko atmosfera batek inguratu nau, paisaia ezinezko batera eramanez, lokuzio gozo batek kontakizunean zehar neraman bitartean. Eta zer esan eszena bakoitza borobiltzen duen musikari buruz… Zoragarri! Soinu horiek denek batuta irrati-lan sortzaile eta bikaina osatu dute, eta lehiakideak ezagutu barik pronostikorik egin ezin dudan arren, esango nuke erakusten duen soinuen esperimentazioak saria merezi duela. Ea zorterik baden!

Beste eztabaida da ea Mare bezalako podcast bat kontsumorako produktua den edo soilik sarietara aurkezteko edota portfolioan eramateko sortze-lana. Esango nuke orain arte halako soinu-produkzioak Akademian —bereziki arte-ikasketetan, baita komunikazioko fakultateetan ere— eta arte-erakustaldietan agertzen zirela, eta gaur, podcastgintzaren olatuak bultzatuta, berriz, publiko orokorrarengana ere heltzen direla, pilula txikitan bada ere.

Halako proposamenak teknologiek ahalbideraturiko produktu berritzaile moduan aurkezten dituztenen aurrean, berriz, esan behar dut ia irratia bezain zaharrak direla. Izan ere, Hans Flesch, Berlin Radio Hour irratiko zuzendariaren enkarguz, Walter Ruttmanek Weekendizenburuko soinu-paisaia estreinatu zuen 1930ean. Hortik aurrera asko izan ziren hotsen bidez esperimentatu eta existitzen ez diren munduetan entzuleak murgildu dituztenak, Filippo Tomaso Marinetti eta Pino Masnata artistek La Radia (1993) manifestuan aurreikusi zuten bezala. Ia ehun urteren ondoren, oraindik ere liluratzen gaituzte asmaturiko audio-munduek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.