Duela bi urte zutabe honetan idaztea proposatu zitzaidan, eta zalantzarik gabe baietz esan nuen. Proposamena jasotzean, BERRIAn bekadun izan nintzen garaia burura etorri zitzaidan. 2010. urteko udan izan nintzen bekadun, eta komunikazioko orri honetan idatzi nuen garai hartan. Uda horretako egun batzuetan Ekografiak zutabeae-mail bidez jasotzen nuen, eta egunkariko maketara pasatu behar nuen. Horregatik, proposamena jasotzean ilusio handia egin zidan e-mail bidez jasotzen nuen zutabe horretako protagonista izateak.
Bi urte hauetan, telebistaren inguruan nire iritzia emateko aukera zabala izan dut. Telebista arruntean eta plataformetan ikusgai dauden telesail, dokumental eta filmen inguruan idaztea plazera izan da. Gaurkoa nire azken zutabea izango da, eta ordenagailua piztu dudanean ez nekien testua nola hasi eta zeren inguruan idatzi.
Udan estreinaldi gutxiago egoten dira pantaila txikian. Netflixek, aldiz, telesail berriak eta Heartstopper telesailaren bigarren denboraldia ekarriko du hurrengo asterako. Astelehenean, Filminen Atlantida Film Fest jaialdia hasi zen. Hartan, film eta dokumental oso bereziak ikusteko aukera egongo da. Besteak beste, Izaskun Arandiaren My Way Out eta Ander Iriarteren Karpeta urdinak dokumentalak Filminen ikusgai egongo dira abuztuaren 24ra arte. Berritasun horien inguruan ezin izango dut idatzi hemendik aurrera. Alde batetik, pena ematen dit hemen gehiago ez idazteak, baina zutabearekin harremana ez dut galduko. Irailean ziur nago berritasun asko iritsiko direla pantaila txikira eta zutabegile berrien iritzia irakurtzeko irrikan egongo naiz.
EITBren Primeran plataformaren zain hilabete asko eman ditugu Lander Arretxeak eta biok. Hurrengo ikasturtean iritsiko dela espero dut, eta, erabili baino lehenago, Urtzi Urkizuren erreportajea irakurtzeko gogoz egongo naiz. Plataforma ezagutu ostean, Ekografiak zutabean zein iritzi jasotzen den jakin nahi izango dut.
Hurrengo astetik aurrera, faltan izango dut zutabean zer idatzi behar dudan pentsatzea, baina telebista modu lasaiagoan ikusteko aukera izango dut. Adioak ez zaizkit asko gustatzen. Horregatik, laburra izango naiz: Berri Txarrak-en abestiak bezala, «Soilik agur» esan nahi dizuet.
EKOGRAFIAK
Soilik agur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu