benat erezuma

Skynet eta Athletic

2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

2029. urtean, Skynet izeneko adimen artifizial sistema batek mundua hartu du kontrolpean, gizateria ia suntsituz. Hala ere, gizakien aldeko erresistentzia gai da makinei aurre egiteko. Skynet adimen artifizialak erabaki du erresistentziaren burua den John Connor hiltzea. Horretarako, iraganera bidaiatu eta haren ama hiltzen saiatuko da.

Ezaguna egiten zaizu Terminator filmaren sinopsia, ezta?

Hainbat liburu eta pelikulatan islatu izan da azken hamarkadetan adimen artifizialak gizateriaren gainean har lezakeen nagusitasuna.

Matrix trilogian, adibidez, gizateriaren eta AAren arteko gerra baten ondoren, makinak garaile aterako dira. Gizakiak esklabo bihurtuko dituzte, energia iturri gisa erabiliz eta euren kontzientziak simulazio batean mantenduz.

Ni, Robot pelikulan, aldiz, roboten adimen artifiziala gizakiei laguntzeko sortu da, baina Viki izeneko AA nagusiak ondorioztatuko du gizakiek euren buruari kalte egiten diotela. Segurtasuna bermatzeko, gizakiak roboten kontrolpean egon beharko dira.

ChatGPTren etorreraren hurrengo hilabeteetan, hainbat egunkari eta aldizkari gizateriaren amaieraren inguruan espekulatzen hasi ziren. Aipatzekoa izan zen, adibidez, The Guardian egunkariak 2023an argitaratu zuen artikuluaren izenburua: «AAk mundua suntsitzeko bost modu». Azkenaldian modan jarri den online egunkarietako goiburuen estiloari gehitu iezaiozu ukitu katastrofista.

Ostegunetako pintxo-poteetan, seguru asko, ez da Eliezer Yudkowskyren izena aipatuko, ez da Manchester Cityk fitxatu duen azken aurrelari poloniarra.

Eliezer adimen artifizialaren puntako ikertzailea da, etika eta adimen artifiziala lantzen ditu hainbat artikulutan. Haren iritziz, litekeena da bi eta hamar urte arteren buruan gureak egitea espezie modura. Ez omen gara jabetzen ari adimen artifizialak dakartzan arriskuez. Eta dei argia egin du: AA ereduak entrenatzen dituzten datuen zentroak itxi edo suntsitu egin behar dira.

Horrelako iragarpenak egiten dituztenekin ez dut inongo arazorik; agian arrazoi du ikertzaile estatubatuarrak. Munduaren akabera iritsiko da, Athleticek beste liga bat irabaziko du eta euskara desagertuko da.

Beti bezala, arazoa ez da zer, baizik eta noiz. Eta ez da berdin bi urte edo bi mila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.