Espainiako eta Frantziako irratian publizitate-inbertsioak gora egin zuen iaz, sektoreko behatzaileek argitaratu berri dituzten datuen arabera. COVID-19 pandemian inbertsioaren datuek kezka piztu bazuten ere, badirudi berriz ere bide onean sartu dela eta berreskurapena nabaria da, eta azken urteotan irratian iragartzen diren enpresa eta erakundeen kopuruak gora egin du astiro baino etengabe, askotan ahizpa txikitzat hartua izan den komunikabidearen erresilientzia agerian utziz. Telebistako negozio zenbakietatik urrun jarraitzen duen arren, irratia da igotzen den bakarra komunikabide tradizionalen artean, eguneroko prentsan eta aldizkarietan inbertsioak erorketa askean jarraitzen duen bitartean.
Digitalizazioari egokitzeko ahalmena, podcast fenomenoa eta bozgorailu adimentsuek ekarritako sarbide berria azpimarratzen dituzte adituek irrati-kontsumoaren gorakada, eta ondorioz iragarleentzako erakargarritasuna, azaltzeko. Baina hori horrela bada ere, aurrerapen teknologikoaren gainetik jartzen dute beste faktore bat, entzuleak irrati bat sintonizatzera eramaten dituena: sinesgarritasuna.
Izan ere, fake news edo gezurrek eta sare sozialetako titularren arintasunak eta diskurtsoen indarkeriak eragindako zaratak areagotu duten mesfidantzaren aurrean, asko dira irratiaren hurbiltasunean babeslekua topatzen dutenak. Hori baita frantziar ikerketek agerian uzten duten beste datu bat: entzuleen eta inbertsioaren igoera bereziki tokiko irratietan eman da, eta jaitsi da kate tematikoetan.
Gertutasun fisiko eta emozionalak balio nagusitzat jotzen badira ere, horrek ez du esan nahi irrati-sustatzaileek aurrerapenei muzin egiten dietenik, eta prestatzen ari dira euskarri berrietan egoteko. Aurreko astean NAOan argitaratu ziren DAB dial digitalean emititzeko lizentzia lortu dutenen izenak. Urtebete dute martxan jartzeko eta Ipar Euskal Herrian dagoeneko ezarri den teknologiari egokitzeko. Ez dakigu, ordea, inoiz EAEra helduko den, nahiz eta ia 30 urte lehenengo emanaldiak titular handietan iragarri ziren.
Ez dut uste, ordea, berritasun teknologikoak behar dituenik bizirik jarraitzeko, eta esango nuke, etxean dauden badaezpadako kandelak bezala, ez litzatekeela gaizki egongo basamortuan elektrizitate gabe irratia entzutea ahalbidetzen duten transistorea gordeta izatea, pikutara goazelako sentsazioaren aurrean helduleku fidagarria izan dezagun.