Xavier Dolan nire zinemagile gogokoenen artean dago, eta nire gertukoek askotan esan didate nahiko jasangaitza naizela Dolanekiko dudan obsesioarengatik. Bere film guztiak ikusi ditut, eta ia gehienak maite ditut. Dolanen zinea ezagutu nuenean oso apurtzailea iruditu zitzaidan, eta familia batean eman daitezkeen dramak modu berezian islatzen ditu. LGTBI komunitatean izaten diren errealitateak ezinbestekoak dira bere filmetan. Adibidez, Laurence Anyways filmean transexualitatea jorratzen du, eta bere azken filmean, Matthias & Maxime-n, bi gizonen arteko maitasun istorio latza azaltzen du.
Dolanek zinema alde batera utziko duela dirudi, eta aurten bere lehen telesaila estreinatu du.La nuit où Laurier Gaudreault s'est réveillé telesaila Filminen ikusgai dago, eta bere lanaren jarraipen interesgarria dela deritzot. Familia sekretu batean oinarritzen da. Sekretuak oso garrantzitsuak dira gure gizartean, eta ondorio desberdinak sorrarazten dituzte pertsonengan. Sekretu batzuk beharrezkoak dira pertsona batzuei ez kalterik egiteko, baina beste batzuek familiak apurtu ditzakete. Telesail honetan, nerabezaro garaiko sekretu batek familia baten erlazioa apurtzeko duen boterea erakusten digu.
Telesail hau ikusi baino lehen, kontuan eduki behar da ez dela erraza. Antsietatea sorrarazi dezake une batzuetan, eta Dolanen nabarmenkerietara ohituak ez bazaudete, agian gehiegi izango da zuentzat. Dolanen zaleak baldin bazarate, zalantzarik gabe telesaila ikusi behar duzue. Telesailak buelta asko ematen ditu familian dagoen sekretuaren inguruan. Horrek telesailarekiko kritikoa izatea eragin dit, eta, horregatik, uste dut luzeegia dela. Bestalde, Dolanek familia apurtu baten bihotzera eraman gaitu modu oso gordinean. Adikzioak eta anaien arteko gorrotoak Dolanek maisuki azaltzen ditu.
Dolanen zineman beharrezko beste elementu bat da Anne Dorval aktorea. Dorvalen aurpegia ikusterakoan ziur gaude Dolanen lan bat ikusten ari garela. Aktoreen aukeraketa aparta egin du eta berriro ere Dolanek aktore lanak egin ditu bere istorioan. Telesail hau gomendatzea ezinbestekoa egiten zait, baina badakit jende asko ez dela ados egongo nirekin. Beraz, ikusten hasten bazarete eta gustatzen ez bazaizue, telesaila uzteko gomendioa egiten dizuet.
EKOGRAFIAK
Sekretuen mina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu