Zutabe hau BERRIA egunkarian ari zara irakurtzen, eta, beharbada, papereko edizioan, baina zientziari buruz zer edo zer jakiteko nora joko zenukeen galdetuko balizute, oso litekeena da zure erantzuna ez izatea «egunkaria», baizik eta Internet. Hala erantzun dute estatubatuarren % 60k, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzia Fundazioaren 2012ko adierazleen txostenean, eta, espainiarren % 41ek, FECYT erakundeak 2012an egindako zientzia eta teknologiaren pertzepzio-inkestan. 2002tik egiten du inkesta hori FECYTek bi urtez behin, eta, orain arte, telebista zen lehendabiziko informazio-iturria. 2012an, ordea, Internet baino10 puntu atzerago geratu da telebista, bigarren tokian.
Gaur egungo on-line inguruneak zientzia-informazioren zabalkundean duen eraginari buruzko artikulu baten harira datoz datu horiek. Science aldizkariak argitaratu du artikulua, joan den ostiraleko zenbakian. Wisconsin-Madison unibertsitateko Dominique Brosard eta Dietram Scheufele ikertzaileek sinatzen dute, eta, gogoetarako hiru puntu interesgarri aurkezten dituzte, zientziaren komunikazioan dihardugunok gutxienez kontuan hartzeko modukoak.
Lehenengo puntua zientzia-kazetaritzari berari buruzkoa da. Aipatzen dute Interneten zientzia-informazioa ugaritu den arren, komunikabide tradizionalen lepotik hazi dela, eta, haietan, espazioa galdu besterik ez duela egin 1990eko hamarkadatik. Gainera, publikoa bazter uzten ari da komunikabide tradizional horiek on-line eskaintzen dutena. AEBetan zientziari buruzko informazioa Interneten bilatzen dutenen % 12k jotzen du egunkarien eta aldizkarien webgunetara, baina ia erdiek nahiago dituzte bestelako iturriak, besteak beste, blogak. FECYTen inkestan jasotako datuek ere joera bera erakusten dute. 2010ean komunikabide orokorrak ziren Interneteko informazio-iturri nagusiak, publikoaren % 30,9k jotzen zuen haietara, eta % 18,0k sare sozialetara. 2012an sare sozialek hartu dute burua: % 26,4ra igo da haien erabilera, eta % 26,1era jaitsi da komunikabide orokorrena. Blog eta foroen erabilerak ere gora egin du, % 20,5etik % 24,0ra. Konfiantza handien zientziaren dibulgazio-aldizkariei aitortzen diete erantzuleek, baina, erabili, bestelako iturriak erabiltzen dituzte zientziaz jakiteko. Eta edozein kasutan, sarea da tokia.
On-line ingurune horretan, bilatzaileek eta sarearen 2.0 ezaugarriek zientzia-informazioaren zabalkundean eta pertzepzioan duten eraginaz egiten dute gogoeta egileek bigarren eta hirugarren puntuetan. Bilatzaileei buruz azpimarratzen dute beharrezkoa dela arreta jartzea bilaketa-motorren algoritmoak modelatzen dituzten faktoreetan, informazioa bilatzaileen bidez eskuratzen dugun neurrian, bilatzen denaren eta aurkitzen denaren arteko filtroa baitira haiek. «Edozeinek erraz aurkituko duen zientzia-informazioarentzat mundu bat sortu da, ala, bilatzaileen emaitzak aurkezteko eta trafikoa bideratzeko erremintek jakintzaren areagotzea geroz eta gehiago baldintzatuko duten ingurune baterantz goaz?», galdetzen dute.
Interneten izaera sozialari lotuta, berriz, oso adierazgarri da aipatzen duten esperimentua. Nanoteknologiari buruzko eduki batek jasotako iruzkinen tonua bakarrik aldatuta, esperimentuak erakutsi zuen irakurleek oso desberdin hautematen zituztela testuan deskribatutako teknologiaren arriskuak. Ondorioz, azpimarratzen duten egileek, informazioa irakurleen iruzkinekin eta txioekin hornituta partekatzen den ingurunean, ezinbestekoa da elkarrekintza horien izaera eta ondorioak zein diren ulertzea, zientziaren komunikazio eraginkor eta eraikitzaile bat lortu ahal izateko. Aurten ere badaukagu zer egina, eta zer pentsatua.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Sarean murgilduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu