gorka julio
Internet

Sareak gureak dira

2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Sareak gureak dira! (Las redes son nuestras) Consonni editorialak atera berri duen Marta G. Francoren liburu berria da. Liburuaren helburuetako bat da Interneten historia herrikoia marraztu eta modu kontziente eta kritikoan berreskuratzeko mapa eskaintzea.

Autoreak dio Internet hainbat aldiz lapurtu dutela: lehenik, enpresa handiek; gero, dirua irabazteko dinamika sozialek; eta, azkenik, sare sozialen erabilera manipulatua gizartea manipulatzeko. Nolabait, lerro hauetan noizbait idatzi nuen desjabetze, esplotazio eta datifikazio fenomenoekin ia guztiz bat dator Francok egiten duen historiaren irakurketa. Testuak zera nabarmentzen du: hainbat mugimendu Internet erabiliz antolatu eta mobilizatu ziren, baina tresna horiek interes komertzial eta politikoek bereganatu zituzten.

Facebook bezalako plataformen gainbeheran ikusten du idazleak egoerari buelta emateko aukera bat. Eskandaluak eta interes galtzeak sare horiei eragin die, eta ongizate sozialerako arazo gisa ikustearen pertzepzioa gero eta handiagoa dela ere aipatzen du. Pandemia garaian ingurune digitaleko harremantzea azkartzeak sortu zituen arazoez ere hitz egiten digu.

Horren guztiaren aurrean, azpiegitura digital autonomoen beharra azpimarratzen du. Komunitateek beren independentzia mantentzeko eta modu justu eta bidezkoan lankidetzan aritzeko azpiegitura digital publiko eta autogestionatuak sortzea defendatzen du.

Internet berreskuratu behar dugu, hainbat aldiz bereganatua izan arren, berrasmatzea eta mundu hobea eraikitzeko erabiltzea posible dela argudiatzen du. Hackerren eta feminismo, dekolonialismo eta justizia klimatikoaren mugimenduen arteko hibridazioetan, ekimen eta indar handia dago ondasun komun digitalak irudikatzeko.

Franco entzuteko eta berarekin eztabaidatzeko aukera izango dugu ekainearen 6an Bilboko Liburu Azokan eta ekainaren 8an Gasteizko Eva Forest Liburutopia liburudendan.

Liburuan jasotako historiaren parte bat ere bada Euskal Herriaren historioa: hackmeetingak, Indymedia EH, software libre mugimendua, sare libreen eta neutralen hedapena, sare sozial eta komunitate libre saiakerak… Berriro martxan jartzeko ordua da, antolatzeko deia etengabe egin izan badugu ere orain urgentzia da transmititu behar duguna; ekiteko ordua da!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.