urtzi urkizu

Sakabanatuta

2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Badira aste batzuk eguberriak pasatu zirenetik. Baina irudika ezazue haur bat, Olentzeroren oparien zain. Lau aitona-amona ditu haurrak, eta aitona-amonen bi bikoteak bananduta daude. Amona bat Bordelen (Frantzia) bizi da; bestea, Logroñon (Espainia); aitona bat, Castro Urdialesen (Espainia); eta bestea, Maulen. Demagun haurra Iruñean bizi dela, eta eguberrietan edo urtebetetze egunetan joaten zaizkiola aitona-amonak opari ederrekin. Haurra ilusioz betea dago halako opari politekin. Baina, halako batean, amona eta aitona bakoitzak esaten diote haurrari: «Oparia ez dugu hemen utziko. Gure etxean egongo da, eta, jolastu nahi duzun aldiro, bizi garen herrira etorri beharko duzu». Hau amorrazioa, umeak. Gurasoek ez diote beste oparirik egin. Eta jostailu berriekin jostatu nahi duen aldiro, Bordelera, Logroñora, Castrora edo Maulera joan behar du umeak.

Ba hori bera gertatzen da egun EITB taldearen edukiekin. Batzuk Primeran plataforman daude. Besteak, Makusin. Informazio arloko bideoak, Orain zerbitzuan. Zenbait eduki EITBren nahieran zerbitzuan aurki daitezke. Eta Guau plataforma berrian aurki daitezke bestelako eduki batzuk —ez bakarrik audioak; ikus-entzunezko bideopodcastak ere badaude bertan—. Eta erabiltzaile bakoitzak plataforma bat aukeratu behar du aldiro. Kasu batzuetan, posta elektronikoa eta pasahitza ere gogoratu behar ditu eta berriro jarri —Primeran plataforman, behintzat, sarri gertatzen da hori—. Ezin al ziren ba jostailu guztiak Iruñeko etxeko logela batean gorde?

Antton Telleria 'Guau' plataformaren aurkezpenean, Bilbon.
Antton Telleria Guau plataformaren aurkezpenean, ostegunean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Beste eztabaida luze baterako geldituko litzateke markaren kontua. Hainbeste plataforma berrirekin, non gelditzen da EITB marka? ETB marka? Hain izen txarra hartua al zuen euskal gizartean, bazter batean uzteko? Marketinean adituek egin ahalko dute analisi zehatzagoa. Baina gauza bat jakina da: marka berri batek denbora behar izaten du gizarte osora zabaltzeko. Eta marka bat. Baina lau badira, zer? Akaso norbaitek esango du hobea dela edukiak sakabanatuta izatea. Denborak esango du EITB Media taldearen estrategia digitalak fruituak eman dituen ala ez.

Txiosfera ere sakabanatuta

EITBko plataforma ugariekin bezala, baina arrazoi oso desberdinengatik, Interneteko sare sozial ugarietan sakabanatu dira azkenaldian euskal komunitate digitaleko erabiltzaile asko. Duela urte batzuk, Twitter sare sozialean euskal txiosfera deituriko komunitate trinko bat bazen. Halakorik ba ote da gaur egun?

Ezaguna da Twitter arian-arian zer bilakatu den. Elon Musk handinahiak Twitter erosi zuen, X izena jarri zion, eta ondorioak begi bistan daude. Ultraeskuinari laguntza ematen dion eta agur naziak egiten dituen aberats bat da X sarearen jabea, eta horrek eragin du euskaldun asko handik ateratzea. Euskarazko hainbat komunikabidek ere utzi dute X; Argia aldizkariak berriki iragarri du Xn ez ezik, Meta taldeko sare sozialetan ere (Facebook, Instagram...) argitaratzeari utzi diola.

Onintza Irureta Argia aldizkariko kazetaria
Argia aldizkariak urtarrilaren 31n jakinarazi zuen X sare sozialean eta Metaren sareetan argitaratzeari utziko diola. GORKA RUBIO / FOKU

Bitartean, euskaldun batzuk Bluesky sare sozialera joan dira. Beste batzuk, fedibertsora: Mastodon sare sozialera. Eta izango dira Tiktok edo beste sare batzuetan ere ibiliko direnak. Kontua da garai bateko txiosfera erabat barreiatuta dagoela oraintxe, eta zaila dela asmatzen mezu batek zer sare sozialetan izan dezakeen zabalpen edo oihartzun handiagoa.

BERRIAk ere egin ditu kontuak Bluesky eta Mastodon sare sozialetan. Eta eutsi egin dio X sarean zuen kontuari. Euskaldun askok jarraitzen dute Musken sarean, baina ez dago batere argi epe laburrean zer gertatu daitekeen. Euskal komunikazio esparrua iraganean bizi zen, sare sozial horiek guztiak gabe. Baina herritarren babesa eta bultzada funtsezkoa zen lehen, eta hala izango da etorkizunean ere.

EITBren plataformak eta sare sozialak albo batera utzita ere, mundu digitalak egun dituen auziak ez dira gutxi. Sistema kapitalistak eraginda, biktimak ugari dira. Zer esan liburuen salmentaz eta liburu dendez, Amazon-en negozioaren eraginez. Zer esan Spotify plataformak musikari txikiei eragiten diena. Edo gazteek sakelako telefonoarekin duten mendekotasunaz. Zer esan adimen artifizialak dakartzan erronkez. Ziber erasoak, Internet bidezko sexu eraso eta mehatxuak. Telefonoaren bakardadean murgiltzen diren pertsonak, ahaztuta garai batean telefonoa beste pertsona batekin ahots bidez komunikatzeko tresna zela.

Hori guztia ikusirik, hil edo bizikoa da euskaldunok bat egitea. Aurrez aurreko komunikazio fisikoan bada, are hobeto.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.