gorka julio
Internet

RAP neurriak

2024ko ekainaren 8a
05:00
Entzun

RAP Publizitate Erasoari Aurre Egiteko elkarte frantses bat da, 1992tik publizitate-sistemaren aurka borrokatzen dena. Hiru neurri soilekin, kapitalismo digitalaren publizitate inpaktua minimizatzeko eta komunikazio osasungarriagoa sustatzeko gutun bat sortu zuten. Jendearengana jotzeko baliabide horiek erabiltzea estrategikoa izan daitekeen arren, hori ez da haiek lehenesteko edo legitimizatzeko arrazoia izan behar. Hauek dira egiten dituzten hiru gomendioak:

1. Promoziorik gabe erabili. Gauza bat da publizitate-bitartekoak erabiltzea, hau da, hor egotea gure webgunera, gure etxera, lotzeko. Eta beste gauza bat da horiek sustatzea: gure espazioek doan iragar ditzatela beren ikonoen bidez, pertsonen arakatzaileak baitira eta kapitalismo digital harraparia elikatzen baitute.

Teknologia handien boterea deuseztatzeko ekintza txiki bat da beren ikonoak gure webgunetik kentzea. Eta horrela, norbait gure etxera iristen denean, ez dugu oihan digitalera itzularazten. Norantzak alde bakarrekoa izan behar du: oihanetik oasira.

2. Eduki esklusiboa saihestu. Eduki esklusiboa publizitate-hedabideetan argitaratzea beste pertsona batzuk horietan parte hartzera bultzatzeko zeharkako modu bat da.

Publizitate-hedabideetan zerbait argitaratzen bada, ziurtatu behar dugu informazioa beste bide batzuetatik ere eskura daitekeela (gure webgunea, gure bloga, parte-hartze komunitarioko foro bat edo fedibertsoko edozein software libre eta federatu). Iruzkinek ezohikoak izan behar dute: osasungarriagoa da espazio propioetan edo komunitarioetan elkarrizketak sustatzea.

3. Ekonomikoki ez lagundu. Gure argitalpenak aurretik jartzeko ordaintzea pertsonen arreta ustiatzen duen eta ingurune digital toxikoa sortzen duen publizitate-sistema bat finantzatzea eta horretan parte hartzea da.

Hiru horietaz gain, beste bat ere gehituko nuke nik; zure KM0 tokiko hedabide herritarretan harpidetu edo ekarpenak egin. Hurrengo urteetan ezinbestekoa izango da hedabide euskaldun eta herritarrak sostengatzea: irrati, egunkari, aldizkari, podcast, ikus-entzunezko… Eta lagundu ezin duenak, behintzat, ez ditzala traba gehiago jar. Amurrioko Udalak Aiaraldea-rekin egin bezala, abisurik gabe urteroko ematen zien dirulaguntza kenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.