Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ramon Garcia esatari

2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gertatzen da. Kasualitate txikiek, erabaki ustez ezdeusek, (ia) dena aldatu dezakete. Jai haietara ez joatea erabaki izan bazenu, beharbada ez zenukeen lagun berezi hura sekula ezagutuko. Edo joan izan bazina, kontrara, azken orduan kale egindako hitzordu horietara, auskalo zein norabidetarantz bultza ote zintuzketen bakarrik utzitako lagun horiek. Politika ere ez da oso bestelakoa. Analisi burutsuak egiten tematzen dira politologo eta txiolariak, baina egiaz inor gutxik daki esaten zein bihurgunetan galdu edo irabazi duten alderdiek ordezkari bakoitza. Zer esanik ez —azken hauteskundeotan— Espainiako Estatu osoko emaitzei begira jarriz gero.

Hauteskunde hauek aspaldiko telebisiboenak izan dira. Eztabaida formatu ofizialek ez dute, beharbada, garai bateko arreta bereganatzen. Baina trukean, Alberto Nuñez Feijoo eta Pedro Sanchez hautagaiek dauden eta telebista saio guztiak zapaldu dituzte. Baita, Sanchezen kasuan, bideopodcastak ere. Twitch, Youtube, kate publiko eta pribatuak, denak jarri dira lehia politiko-mediatikoaren zerbitzura. Ana Rosa Quintanaren saiotik Pablo Iglesiasen Canal Red telebistaraino. Ohi dutenez, alderdi txikiagoek —tartean EH Bildu eta EAJ— lanak izan dituzte euren arreta dosia bereganatzeko. Baina kasu: Oskar Matutek aukera baliatu du espainiarren bihotzean euskal politikari kutunaren lekua bereganatzeko, zeina orain artean Aitor Estebanek okupatzen baitzuen, harro.

Kasualitate txikiek ia dena aldatu dezakete. Eta udako programazio makalaren egutegiak gogoangarria zitekeen espektakulu bat lapurtu digu. Voxetik kanpo ere nostalgikorik badela frogatuz, Grand Prix saioa itzuli da La1 katera hemezortzi urteren ondoren. Hori bai —tira, zerbait aurreratu dugula erakutsi beharra dago— bigantxarik gabe. Noiz itzuliko eta hauteskunde egunaren ostean bueltatu da, emaitzak zabaldu eta ordu gutxi batzuk geroago. Baina zer astebete lehenago izan balitz? Zer Gaztela eta Leongo herri txikiak alderdi politikoekin ordezkatu, eta alderdien arteko lehia Ramon Garcia esatariaren hitzek lagunduta ikusi izan bagenu? Ez da zaila hautagaiak koloretako buzoak jantzita herri kirol itxurako horiek egiten irudikatzea, izerdi patsetan eta lehiakor. Ederra litzateke, ez balitz gure ongizatea eta eskubideak kolokan daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.