Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Radio Venceremos

2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Ez, ez dut hitz egingo 1981ean El Salvadorko FMLN-ren eskutik sorturiko irratiaz. Euskal Herrian irrati askeak ugaritzen ari ziren garai horretan, erreferentzial bihurtu zen, herritarrei eta nazioarteko komunitateari erdialdeko amerikar herri horretan gertatzen zenari buruzko informazioa ematen baitzien, armadak eta gobernuak ematen zuten bertsio ofizialei aurre eginez, eta, ondorioz, militarren jomugan kokatuz. Horren izena eta adierazlea bereak egin dituen podcast bat dakart hona, Alberto Matxain kazetariaren saioa alegia.

Gogoratu gose grebalariak izenburuko serie baten lau ataletako hiru argitaratu ditu dagoeneko Matxainek Nafarroako Ahotsa.Info komunikabidean. Egileak dioenez, saio bakar bat egitea zuen buruan, baina luzapena ikusita, lau kapitulutan eskaintzea erabaki zuen. Lehenengoa martxoan emititu zen, eta RAF eta GRAPOko kideen eta turkiar preso politikoen gose grebez aritu zen; apirilekoan, berriz, Boliviako lau emakume eta preso irlandar baten inguruan hitz egin zuen; euskal presoek egindako zenbait gose grebak hizpide izan zituen maiatzaren 5ean argitaratu zen atalean. Azkena, aldiz, preso politiko palestinarrei buruzkoa izango dela iragarri du.

Hau ez da, ordea, kazetariak egiten dituen lehenengo seriea, aurrekoa ere lau atalez osatua izan zen eta, Sozialismorako txiletar bidea izenburupean, Allendeko Herri Batasuna agintean egon zen garaiaz mintzo da. Horietaz gainera, Frantziako hainbat hiritako banlieue deituriko auzoetan dagoen bazterketa soziala eta arrazismoa, Portugalgo edo Islandiako iraultzak, edo Carrero Blancoren aurkako ekintza izan dira podcast horretan jorraturiko beste gertaera historiko batzuk, kazetari betaurrekoekin begiratuta eta. Ez dut aipatu gabe utzi nahi atalez atal, iraganeko argazkiak balira bezala, garai horietatik berreskuraturiko audioak, ezta saioan zehar aukeraturiko musika ere, horiek entzuketa erakargarria egiten baitute. Aukera ona, nire ustez, ezagutu ez duten oroimen batzuetara belaunaldi berriak hurbiltzeko; ikuspuntu ezkertiarretik, gainera.

Bukatzeko, hasieran aipatu dudan Radio Venceremos hark bezala, Kubako Radio Rebeldek edo Aljeriakoak herrien askapenerako prozesuetan jokaturiko papera berreskuratu eta imajinatu nahi dut Rafah eta Gazako hondamenaren artean ere itxaropenerako ahots bat altxatzen dela, Palestina askearen oihua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.