Askotan entzun izan dut, giro ezberdinetan entzun ere, EITBren inguruko ondorengo kritika: ez duela kultura zaintzen, eta askoz ere apustu handiagoa egiten duela entretenimendu hutsarengatik. Zer esanik ez, euskarazko kulturarengatik! Aitortu behar dut askotan baieztapen horiekin ados egon ohi naizela. Hala ere, bilatzen jarriz gero, bada kulturazaleontzat interesgarria eta sakona izan daitekeen edukirik. Horien artean, gaurkoan EITB Kultura saioari gorazarrea egin nahiko nioke.
Ez da soilik Euskal Herriko underground kulturari merezi duen minutu kopuru duina eskaintzen diolako; hori ere baduela. Baita —eta nik haiekin izan dudan esperientzietan oinarrituta diot hau— kameren atzean duen taldea gaztea delako ere. Eta hori nabaria da hainbat aspektutan: edukiaren aukeraketan, formatuaren aldi bereko freskotasun eta sakontasunean, estetikan. Ikusten dudan bakoitzean, ezin dut ukatu ETBko programazioaren rara avis horietako baten aurrean nagoela.
Gustuko dut saio berean arte alor ezberdinetako jendearen testigantzak entzutea. Bere ordu erdiko saioetan, Eitb Kultura-k musika, zinema, antzerki edota arte bisualetako —besteak beste— sortzaileen hitzak bateratu ohi ditu; eta horrek, aldakortasun sentsazio atsegin bat transmititzeaz gain, denok dakigun eta gutxitan aitortzen dugun zerbait frogatzen digu begi kolpe bakarrean: euskal kultura askotarikoa, aberatsa, ausarta eta, sarritan, freskoa dela.
Galdera bat egin nahiko nuke: hemen bada ni bezalako frikirik, Eitb Kultura saioaren Kultur gomendioak atala koadernoa —edo mugikorra, izan gaitezen garaikide— eskuan ikusten duena, oharrak hartzeko? Esadazue baietz, arren. Nik askotan harrapatu dut neure burua, elkarrizketatua edozein delarik ere, pertsona horrek emandako liburu, film, disko, antzezlan… horien izenak apuntatzen, ostera lan horiez gozatu ahal izateko. Egia esan, kulturaren itsaso zabalaren korronte eta bazter asko eman dizkit ezagutzera saio honek, bere elkarrizketatuen bitartez.
Pena, EITBko gauza asko bezala, saio honek ez duela prime time-rik merezi, erabakiak hartzen dituzten horien ustetan. Gaur egungo egoerarekin, zaila egiten zait imajinatzea Eitb Kulturak prime time-a hartuko lukeen telebista bat. Baina zoragarria litzateke.