benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Politeismo berria

2025eko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Gaur ere Historiako irakaslea gelan sartu da. Hartu du hitza.

Egun on, ikasleok. Dakizuenez, sistema bakoitzari bere tartea eskaini diogu ikasgelan. Datorren asterako zera egingo duzue: kapitalismoa eta komunismoa erkatuko dituzue. Horretarako, hainbat aldagai aztertu beharko dira: jabetza, ekoizpenaren kontrola, banaketa soziala, konpetentzia, askatasun ekonomikoa, langileen eskubideak, bizi kalitatea eta ingurumena, adibidez. Horren ostean, bideo bat sortuko duzue hori guztia azaltzeko. Azken bideo horren gidoia da ebaluatuko dudana.

Bueltatu gaitezen zutabera. Aurreko paragrafoan irakasleak eskatutakoari erantzuteko eskatu diot ChatGPTri. Hamar segundoren ondoren, idatzi ditu bi sistemen arteko desberdintasunak, euskara oso txukunean, gainera. Ondoren, bideoaren gidoia idazteko eskatu diot. Erantzun didana gustatu zait, agian profesionalegia egin du. Maila pixka bat jaisteko eskatu diot, batez besteko nerabe batek egingo zukeen bezala idatzia izateko moduan egiteko.

Hau da 2025. urteko egoera. Guk nahi ala ez. Baten batek esango du lehen ere posible zela etxeko lanak beste norbaitek egitea. Eta baietz esango diogu. Horrela jasotzen genituen irakasleok azken momentuan etxean egindako paperezko zubi bikainak, edo flipatuta uzten gintuzten saiakera filosofiko harrigarriak.

Institutuan edo unibertsitatean seme-alabak dituzten gurasoekin hitz egitea baino ez dago. Askok aitortuko dute politeismo berria praktikatzen dela haien etxean. Igande arratsaldeetan, ChatGPT, Perplexity, Copilot, Gemini edo DeepSeek izenak entzutea ohikoa dela. Eta jainko eta jainkosa horiek esandakoak egia sakratuaren parekotzat hartzen direla.

Orduan zer? Ez ikusiarena egin behar al dugu hezkuntzan? Betiko legez, fokua ikaskuntza prozesuan jarri beharko dugu, ikasleen aurrerapena neurtu eta hobekuntzarako orientabideak emanez. Erratuta egon naiteke, baina esango nuke pentsamendu kritikoak eta ahozkotasunak hartu beharko dutela protagonismoa garai berri honetan. Oinarrietara bueltatzea izango al da gakoa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.