Inork ez du zalantzan jartzen podcasten fenomenoak prentsa ona duela, beharbada dagokion baino ospe hobea. Eta beharbada horregatik, gero eta gehiago dira olatua galdu nahi ez duten enpresak eta erakundeak, eta audio-saioak gehitu dizkiete beren marketin-kanpainei, eta, ondorioz, horrek ekarri du publizitate-agentziek eta soinu-ekoizleek beste negozio-atal bat zabaltzea. Gidoiaren idazketatik azken emanaldira arteko prozesu osoa barne hartzen duten paketeak eskaintzen dituzte publizistek, eta soinu-estudioa zein giza bitartekoak ere iragarlearen eskura jartzen dituzte horrela nahi izanez gero, eta ordaintzen duen enpresaren neurriko produktua ekoizteaz gainera, horren promozioaz eta hedapenaz ere arduratzen dira.
Podcast horietan enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak edo markaren balioa zabaltzen dituzte, zer egiten duten azaldu edo salgaiak deskribatzen dituzte. Bestetan, berriz, produktua kokatzen den sektorearekin lotura zuzena duten gaiak tratatzen dira; esaterako, antzinako aholku-saioetan bezala, osasun- edo edertasun-gomendioak eskaintzen dituzte adituek, kosmetika-markek babestuta.
Batzuetan, ordea, saioaren gaiak ez du zerikusirik podcasta kontratatu duen igarlearen aktibitatearekin, eta horren helburua bestelakoa da, saldu nahi den produktu edo zerbitzuaren izena entzuleak gustuko dituen eduki edo esatariekin lotzea, alegia. Enpresa eta erakunde batzuek eskaintzen dituzten saioen artean formatuak askotarikoak dira: elkarrizketak, dokumentalak, fikzioak, solasaldiak, umorezkoak…
Podcasten kontsumoaren zenbakietan oinarritzen da hain berria ez den publizitate-estrategia hau, eta ez dakit horren atzean ez dagoen liluratze, podcasten zabalkundeari gehiegizko garrantzia emate bat, errealitatearekin guztiz bat ez datorrena. Egia da entzuleria handia dutela podcastek, baina oso sakabanaturiko entzuleez ari gara oro har, eta gutxi dira jarraitzaile asko dituzten saioak. Hala ere, argi dago lataratutako irratsaioak izateari aspaldi utzi ziotela, eta, ondorioz, ezin zaizkie ukatu beren berezko izaera eta kontatzeko era, nahiz eta batzuek oraindik uste duten mikrofonoaren aurrean jartzearekin nahikoa dutela egiten duten horri podcasta deitzeko. Baina hori beste artikulu baterako gogoeta izango da.