Disclaimer 2024. urte amaieran Apple TV plataformara iritsitako telesail entzutetsuenetarikoa da. Ez bakarrik Cate Blanchett aktorea protagonista duelako; baita best seller-a izandako liburu batean oinarrituta dagoelako ere —beste moldaketa bat—, eta Oscar saria irabazi zuen Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren gidaritzapean egin delako. Kontuan hartuta istorioaren funtsak mezu feminista potente eta argia zuela, elementu guztiek ziruditen, kasu honetan ere, lan bikain baten eraikuntzarako zutabe; eta hein batean bada, baina ez nik nahiko nukeen bezainbeste.
Motzean, honako honetatik abiatzen da istorioa: Cate Blanchettek interpretatutako Catherine Ravenscroft kazetari txalotuak besteen delituak eta urraketak agerian utziz eraiki du bere ospea. Idazle ezezagun baten eleberria jasotzen duenean, izutu egiten da bere sekretu ilunenak azaleratzen dituen istorio bateko protagonista dela konturatzean. Thriller erotikoaren barnean sartuko genuke lan hau, eta, alderaketaren bat eginez, Presumed Innocent —Jake Gyllenhaal— eta The Undoing —Nicole Kidman, Hugh Grant— zaku berean sartuko nituzke.
Gustatu zait nola lehen kapituluan Ravenscroften istorioa eta beste bi narrazio-ildo tartekatzen diren, ustez inongo loturarik gabe, korapilo guztiak agerian gelditzen diren arte. Aktoreen lana ere txukuna da, eta amaieran —spoiler-ean erori gabe— azaleratzen den istoriotik erator daitezkeen galderak benetan interesgarriak dira: zilegi al da fikzio batekin justizia egitea, benetan gertatu zena ondo ezagutu ez duzunean? Zergatik da gehienontzat jasangarriagoa plano sexu-afektiboan lotuta gauden pertsona bati norbaitek sufrimendua eragin izana, plazera eragin izana baino?
Hau esanda, amorrua ematen dit aspektu batzuk guztiz ondo garatu ez dituztela ikusi izanak. Iruditzen zait, lan batean plot twist potente bat baldin badago, ikusleak biraketa hori logika baten barnean ezagutu behar duela: hau da, behin egia ezagututa, horren aurretik gertatutako guztiak zentzua izaten jarraitu behar dutela. Eta kasu honetan, biraketa hori era bortxatuegian kakotu dutela iruditu zait. Bestetik, ez dakit berritzailea izan nahi zuen ala ez, baina off-eko ahotsen trataera ez dut ongi ulertu; sobran zegoela iruditu zait.
Gomendagarria, baina ez egundokoa.