gaizka izagirre
'Ekografiak'

Plataformetan bai, zineman ez

2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan ostiralean estreinatu zen The Electric State (Estatu Elektrikoa) filma Netflixen; plataformak inoiz egin duen pelikularik garestiena da. Nabarmendu beharreko datua, ordea, beste bat da: hainbat hizkuntzatara bikoiztu dute filma, tartean euskara. Bieuse kooperatibak bikoiztu du. Mugarri garrantzitsua, zalantzarik gabe.

Netflixek 2022. urtean ekin zion edukiak euskaraz azpidazteari eta bikoizteari eta apurka bada ere euren katalogoan euskarazko eduki gehiago txertatzen ari dira.

Gainerako plataformetan ere beste hainbeste: 2023an Prime Videoren lehen euskarazko filma Culpa mía izan zen, eta pixkanaka ari dira izenburuak pilatzen. Igo duten azkena, adibidez, berriki estreinatu den Su Majestad (Berorren maiestatea) telesaila izan da.

2024a albiste pozgarri batekin amaitu genuen: hainbat filmen euskarazko bikoizketak txertatzen hasi ziren Max plataforman eta hogei pelikula baino gehiagoren euskarazko audioak gehitu ditu katalogoan. EITBk eta Pantailak Euskaraz-ek plataformarekin izandako hartu-emanari esker lortu da hori.

Iaz ere Pantailak Euskaraz eta Filmin lankidetzan aritu ostean ehun film baino gehiagoren euskarazko azpitituluak txertatu zituen plataformak. Eusko Jaurlaritzaren Irekia gunean zeuden prest, eta horiek banan-banan aztertu eta egokitu zituen Pantailak Euskaraz-ek.

Pozgarria da punta-puntako edukiak plataformetan euskaraz ikusteko aukera izatea, baina ea zinema aretoetan ere euskara gehiago entzuten dugun. Pantailak Euskaraz-ek berriki eman dituen 2024ko euskarazko estreinaldi datuak gordinak bezain kezkagarriak dira: ez da % 1,6ra iritsi (Hego Euskal Herrian % 2,6; Ipar Euskal Herrian % 0,4)

Bereziki etxeko txikiak ditut buruan. Katalunian, esaterako, mundu mailako izenburu entzutetsuenak katalanez estreinatzen ari dira; hemen, Zinema Euskaraz programari esker, urtero izaten ditugu umeei zuzendutako dozena bat film, baina ez da aditua izan beharrik gehienak erdipurdiko filmak direla jabetzeko. Jarrai dezatela bide horretatik arren, baina datozen urteetarako ederra litzateke nazioarteko gainerako haurrek ikusten dituzten lehen mailako izenburu arrakastatsuenak ere euskaratzea.

Portzierto, eduki guztiak non eta noiz estreinatzen diren jakiteko hortxe duzue ZerNonIkusi webgunea: ezinbesteko erreminta!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.