NPC bat, pertsonaia ez-jokagarri bat, bideojoko, simulazio edo ingurune interaktibo batean jokalariak kontrolatzen ez duen pertsonaia da. Horren ordez, jokoaren sistemak edo adimen artifizialak (AA) kontrolatzen du. Eremu digital horietatik kanpo ere errealitatea nola eraikitzen dugun ulertzeko baliatu daitezke.
Pertsonaia horiek jokalariaren istorioari zentzua edo errealitate kutsua emateko balio dute. Testuingurua, misioak edo informazioa eskaintzen dizkiote jokalariari. Errealitate itxi batean, ausa edo zoria simulatu nahi dute. Joko edo simulazioaren eremua oso zabala izan daitekeen arren, determinatuak daude mundu finitu edota itxietan.
Pertsonaia horien mota, simulazioetan bereziki, gizartearen beraren, bere botere-harremanen edo sinesmenen kalkoak dira. Nahiz eta unibertso birtual batean kokatu askok, betikotu egiten dituzte gizartean dauden rolak. Zorionez, hau aldatzen ari da eta esperimentaziorako espazio zabala ere badago.
Elkarreragin soziala ere simulatzen dute. Elkarrizketak izan ditzakezu beraiekin, baina askotan oso mugatuak izaten dira eta hainbat aukeren artean bat aukeratzeko bidea ematen dute soilik. Hala ere, badira adimen artifizialari esker elkarrizketa eta jarrera errealista eta amaigabeak eskaintzen dituzten gero eta gehiago. Jokalariarekin baliabide edo zerbitzuak trukatzeko aukera ere ematen dute. Baita istorio orokorrari lotutako edo pertsonaia horiek dituzten arazoak konpontzeko erronkak ere.
Orokorrean, salbuespenak badaude ere, NPC hauek jokalariaren bidea sinesgarriago egiteko daude hor, bidea bideratua, itxia edo mugatua dela ezkutatzeko. Bidean gatz pixka bat jarri edo bidea animatzeko daude hor, baina gertatu daitekeenaren mugak ere markatuz.
Badira teoriak simulazio batean bizi garela diotenak. Hau da, gure errealitatea beste norbaitek sortutakoa dela diotenak: gizarte aurreratuago batek, estralurtarrek, edo dimentsio paralelo bateko norbaitek. Ez diot sinesgarritasunik eman nahi teoria horiei, nahiz eta badiren teoriko batzuk ezeztatzen zailak direla diotenak. Aldiz, jolas bat proposatzen dizuet: zutabe hau irakurtzen ari zareten bitartean simulazio batean bizi zaretela pentsatu. Zer zarete, nola sentitzen zarete? Bere istorioaren kontrola duen jokalaria edo akaso NPC bat?