benat erezuma
'Ekografiak'

Pentsatu

2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Hiru urte eman ditut ikastetxetik kanpo bestelako lanetan. Irailean erraza egin zait bertara bueltatzea, martxan doan itsasontzi batera igotzearen modukoa izan baita.

Zuzendaritzak iraileko lehen astean adierazi zigun klaustrokideoi jarraipena izango zuela 2023an hasi zuten irakurketaren inguruko jarduera batek: ikasleek egunero 20 minutuko tartea hartzen dute haiek gustuko duten liburu bat ikasgelan irakurtzeko. Liburua eskuetan. Lasai.

Baina, gure gazteek irakurtzen al dituzte liburuak beren aisialdian? Eta jada gazteak ez garenok, irakurtzen al ditugu? Ikus dezagun zer dioen estatu espainiarreko Liburuen irakurketa eta erosketa ohituren 2023ko Barometroak.

2012. urtean, Hego Euskal Herriko herritarren %59 inguruk irakurtzen zituen liburuak bere aisialdian. 2023an, %68 ingurura igo zen datu hori. Jauzi nabarmena da. Eta agian daturik interesgarriena da 14-24 urteko adin tartea dela liburuak aisialdian gehien irakurtzen dituena.

Eta zein euskarritan irakurtzen dira liburuok? Hasierako urteetako gorakadaren ostean, euskarri digitala %30eko langa gainditu ezinik dabil azken sei urteotan. Liburu fisikoa da gailentzen dena.

Eta zergatik du oraindik arrakasta liburu fisikoak? Bada, agian, 2023an AEBko Psikologia Elkarteak argitaratu zuen meta-ikerketa batek du erantzuna. Ikasleak eta irakurtzeko euskarriak zituen jomugan meta-ikerketak.

Ondorio nagusiak zera zioen: irakurleek hobeto ulertzen dute testua liburu inprimatuak irakurtzen dituztenean, gailu eramangarri batean irakurtzen dituztenean baino. Meta-ikerketa hartan zera proposatzen zuten, irakurketa inprimatua testuen ulermena sustatzeko modu eraginkor gisa har daitekeela ikasleentzat.

Zutabe hau ez da ikasgeletatik pantailak desagertzearen aldeko aldarria. Digitalizazioak aukera handiak eskaintzen dizkigu ikasgelan, herritarron funtsezko konpetentzia da. Eta horretan sakontzen jarraitu beharko dugu.

Zutabe honetan irakurketaren aldeko apologia egiten da. Patxadaz irakurri, ulertu, hausnartu eta eztabaidatzearen aldeko alegatua da hau. Adimen artifizialaren garaiotan, makinetatik bereiziko gaituena, batez ere, pentsatzea izango baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.