urtzi urkizu
Ikus-entzunezkoak

Paolo di Paolo eta haren Leica

2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

Argazkilari bati buruzko film ederrik bada, Wim Wenders zinemagilearen The Salt of the Earth (2014) aipatuko dute han eta hemen. Sebastiao Salgado argazkilari brasildarrari buruzko lan hori klasiko moderno bilakatu da dagoeneko. Baina bada beste dokumental eder bat, Bruce Weber zuzendariarena, argazkigintzari gizatasun samurrez begiratzen diona: The Treasure of His Youth: The Photograps of Paolo di Paolo (2021). Datorren asteazkenean beteko da urtebete Paolo di Paolo argazkilaria 98 urterekin hil zela, eta haren lanak eta bizitza gogoratzeko modukoak dira.

Kredituei ekin aurretik, indartsu hasten da dokumentala. Paolo di Paoloren argazki batzuk ageri dira pantailan, musika lagun, eta berehala badaki ikusleak zerbait liluragarria duela begi aurrean. Paolo di Paolo (Larino, Italia, 1925-Termoli, Italia, 2023) Filosofia ikasketak egiten ari zen, Leica III C argazki kamera batekin maitemindu zenean. 1952. urtea zen, eta Bigarren Mundu Gerraren osteko Italian bizitzea egokitu zitzaion. 1950eko eta 1960ko hamarkadan aritu zen argazkilari lanetan Di Paolo: Il Mondo kultur aldizkarian kolaboratzen hasi zen, eta argitalpen horretan argazki gehien sinatu zuena izan zen. 1968. urtean Il Mondo-k itxi egin zuen; Il Temo Ilustrato aldizkariak ere bai. Orduan erabaki zuen Di Paolok argazkilaritza uztea. Landa giroko herri batera joan zen bizitzera, familia giroan, aurreko urteetan ezagutu zituen zinema izarretatik aparte. Ondorengo urteetan, inor gutxik hitz egin zuen Di Paoloren argazkiez.

Halako batean, argazkilariaren Silvia alabak 250.000 negatibo aurkitu zituen haien etxean. Bruce Weber AEBetako zinemagileak dokumentalean hurbileko bidaia bat egiten du argazkilariarekin eta haren alabarekin, 1950eko eta 1960ko Italiako gizartea eta zinemako izarrak gogoratzearekin batera.

Paolo di Paolo argazkilari italiarra.
Paolo di Paolo argazkilari italiarra. BERRIA

Dokumentalean, gainera, Weberrek musika eta zinema aukeraketa aparta egiten du. Film zoragarri batzuen pasarteak tartekatzen dira, eta han ageri dira Marcello Mastroianni, Sophia Loren, Gina Lollobrigida, Claudia Cardinale eta Anna Magnani. Izar horien guztien argazkiak atera zituen Di Paolok, eta haiekin zuen tratu pertsonala ezagutzea da dokumentalaren parte esanguratsu bat.

Pier Paolo Pasolinirekin argazkilariak izan zuen harremana ezin da albo batera utzi. 1959. urtean, italiarren oporren inguruko erreportaje batzuk egin zituzten elkarrekin; Pasoliniren testuak alde batetik zihoazen, eta Di Paoloren argazkiak, bestetik. Baina bien uztarketak erreportaje historikoak utzi zituen. Ondotik, argazkilariak Il Vangelo secondo Matteo eta Mamá Roma filmen grabaketako argazkilariak atera zituen. Zinemagile eta idazlearen bestelako argazki intimoago batzuk ere historiarako gelditu dira. Dokumentalean, bestalde, lekukotza baliotsu bat ageri da: Pasoliniri 1971n RAIn egin zioten elkarrizketa bat.

Pier Paolo Pasolini zinemagile italiarra.
Pier Paolo Pasolini zinemagile italiarra. PAOLO DI PAOLO

Dokumentalaren azkeneko partean, bestalde, ikus daiteke Di Paolo 93 urterekin, bere argazkiekin osatu duten erakusketa handi baten erdian. Lau hamarkada luzez bere argazkiak ahanzturan gelditu ostean, herritar guztiek gozatzeko moduan jartzen dituzte erakusketa horretan, eta ederra da Di Paolo horretaz disfrutatzen ikustea. Hori gutxi balitz, enkargu bat egingo diote: Parisera joatea, Valentinoren moda desfilearen atzeko aldea erretratatzera. Han doa, pozik, bere Leicarekin. Ofizioa ahaztu ez duela.

Dokumentala ez da laburra. 105 minutuko iraupena du, baina ez da luze egiten. Filmin plataforman dago ikusgai.

Di Paoloren teoria zen argazkiak ez direla «politak» izan behar, baizik eta «onak». Filmean ageri diren zuri-beltzezko argazki guztiak oso onak direla ezin da ukatu. Emozioak transmititzen dituzte; adibide argia da 1950eko hamarkadako mutiko italiar txiro baten argazkia eta haren begirada sarkorra. Emozio hori argazki on batek baino ezin du lortu. Ez zinemak, ez literaturak, ez beste sormen bidek. Bekatu larria litzateke Paolo di Paoloren lana argazkigintzaren historiako lerroetatik at uztea.

The Treasure of His Youth: The Photograps of Paolo di Paolo dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.