Ez dut uste kasualitatea denik azken asteotan, zuzenean zein zeharka, juduen sufrimendua nabarmentzen duten filmak estreinatu izana. Hor dituzue, adibidez, A Real Pain, The Brutalist eta September 5, esaterako. Azken horri buruzko aipamen laburra: gustu txarrekoa, arduragabea eta iraingarria iruditzen zait israeldar erailak eta palestinar terroristak ardatz dituen film bat justu une honetan estreinatzea. Berrio diot: kasualitatea? Ez dut uste.
Israeldarrak zuritzeko joera hori kasu gutxiesgarri batekin lotuko dut: orain gutxi arte, Netflitxen Historias Palestinas (Palestinako historiak) izeneko bilduma zegoen, baina plataformak Palestinako zinemarekin loturiko ia film guztiak kentzea erabaki zuen. Erabaki hori lobby sionistaren presiogatik izan omen da, baina Palestinaren ezabaketa kulturala eta mediatikoa ez da berria. Israelgo presio taldeek urteak daramatzate Gazako okupazioaren eta apartheidaren basakeriak agerian uzten dituen edozein ahots isilarazteko lanean. Im Tirtzu Israelgo eskuin muturreko erakundeak hasieratik kritikatu zuen Netflixen bilduma.
Bada, ordea, plataforma horretatik aipatu nahiko nukeen telesail bat: Mo. Ameriketako Estatu Batuetan bizi den errefuxiatu palestinar baten istorioa azaltzen du. Bi kulturen artean bizi da, hiru hizkuntza hitz egiten ditu eta bere asilo eskaera noiz ebatziko zain dago, bere familia palestinarra aurrera ateratzen saiatzen den bitartean. Ekoizpen berezi horren bigarren denboraldia estreinatu berri da eta irmoki gomendatzen dizuet.
A24 ekoiztetxe ospetsuak ekoitzia, istorioak Mo Amer benetako protagonistaren bizitza du oinarri, berak jokatzen du bere buruaren rola; gizon zintzoa da, sarkastiko samarra eta apur bat despistatua. Bere familiaren kultura palestinarrarekiko leialtasunaren eta gizarte estatubatuarrera egokitzeko beharraren artean harrapatuta dago. 22 urte daramatza asilo-eskaera noiz onartuko dioten zain.
Ikuspegi freskoa eta umoretsua erabiliz, identitatea, familiako gatazkak eta etorkin izatearen esperientzia aztertuko ditu, besteak beste. Tonu lotsagabearen bidez, Mo-k gai serioak modu eskuragarrian jorratuko ditu. Serie zintzo eta dibertigarria da; bi munduren artean harrapatuta dagoen gizon palestinar baten bizitzari begirada sakona eskaintzen dio.