urtzi urkizu

Palestina eta beste hari batzuk

2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

«Kazetaritzarik ez dagoen tokian, ez dago bizitzarik. Gazan ikusten ari gara hori. Inpunitatea nagusitu da han». Ebbaba Hameida saharar kazetariak hitz horiek egin zituen azaroaren 14an, Hernaniko (Gipuzkoa) Hariak jaialdian. Errisistentzia istorioz bete zen herri horretako Kulturarteko Plaza Feminista, azaroaren 7tik 17ra, dokumental eta solasaldi hunkigarrien bitartez. «Informazio eskubidea oinarrizko eskubidea da, eta denok defendatu behar dugu. Herrialde batzuetan, gainera, su biziz defendatu beharra dago», gaineratu zuen Hameidak. Israelgo Armadak 150 kazetari palestinar baino gehiago hil ditu azkeneko hamalau hilabeteetan —azkenetako bat, Muhammad Saleh al-Xarif—. Eta beste herrialdeetako kazetariak ezin dira Gazan sartu, gertatzen ari denaren berri emateko. Bizirik diren Palestinako kazetarien lekukotza mingarria da oso. Hala eta guztiz ere, inguruko komunikabideetan noiz entzun duzue azkeneko aldiz kazetari palestinar baten ahotsa?

2023ko urriaren 7a baino lehen ere, Israelgo Armadak hil izan ditu Palestinako kazetariak. Haietako bat izan zen Al-Jazeerako Xireen Abu Akleh. 2022ko maiatzean hil zuten Israelgo soldaduek, Zisjordanian. Press hitza zuen jaka bat zeraman jantzita tiro egin ziotenean.

Shireen Abu Akleh kazetari palestinarra
Xireen Abu Akleh kazetari palestinarra. AL JAZEERA

Garrantzitsua da herritarrek palestinarren izen-abizenak eta aurpegi batzuk, bederen, gogoratzea. Abu Akleh izan zen bat, eta etorri ziren gehiago. 17.000 haur inguru hil dituzte Gazan. Israelgo Armadak 50.000 herritar baino gehiago hil ditu hamalau hilabeteotan. Zaurituak, gose direnak, desplazatuak... Baina datuak entzuten dira, eta badirudi genozidioaz aritzean gizatasuna alde batera uzten dela komunikabideetan.

Olga Rodriguez kazetariak makina bat kontu interesgarri plazaratu zituen Hariak jaialdian, azaroaren 8an. Gogoratu zuen, esaterako, Naomi Klein Kanadako kazetari eta idazleak Jonathan Glazerren The Zone of Interest filmarekin alderatzen duela Palestinan gertatzen ari dena —maiatzean ere lerro hauetan agertu zen Glazerren pelikula—. «Genozidioa giro bihurtzen da nazi batzuen bizitzan». Modu horretan deskribatzen du Kleinek Glazerren filmeko protagonisten egunerokoa. Gaur egun, hori bera bizi dute Mendebaldeko herrietan: genozidioa giro bihurtua da. Hau da, musika moduko bat sumatzen da, eta doinuek diote milaka hildako daudela Palestinan, baina herritarrek eguneroko kontuetan jarraitzen dute: pozik.

Olga Rodriguez kazetaria Hernaniko Hariak jaialdian.
Olga Rodriguez kazetaria Hernaniko Hariak jaialdian, azaroaren 8an. HARIAK

Horregatik ere bada garrantzitsua palestinarren bizitza aurrez aurre ikustea. Kasurako, Bye Bye Tibériade filma proiektatu zuten Hariak jaialdian. Lau belaunalditako emakumeak biltzen dira lan horretan: zuzendaria da gazteena, Lina Soualem, eta haren ama Hiam Abbassek egiten ditu gidari lanak. 23 urte zituela, Palestina utzi zuen Abbassek, eta Europara bizitzera joan. Aktore ibilbide luzea egin du; akaso batek baino gehiagok gogoratuko du Succession telesail bikainean jokatzen duen rola. Logan Roy handikiaren emaztearena egiten du. Bye Bye Tibériade-n, berriz, bere familiaren istorioa kontatzen du, kolonoek senideak Tiberiades hiritik kanporatu zituztenekoa.

Hiam Abbass aktore palestinarra, SAG AWARDS sarietan, Kalifornian.
Hiam Abbass aktore palestinarra, SAG sarietan, Kalifornian, 2022an. CAROLINE BREHMAN / EFE

Badira munduan barna aitortza eta ezagutza merezi duten beste emakume ausart ugari. Sarri, «genero kazetaritza» eginez baino ez dira iritsiko haien aurpegiak eta ahotsak herritarrengana, Ebbaba Hameidak esan zuen moduan. Hain zuzen, hainbat herrialde musulmanetako emakumeen errealitatea aztertzen aritu da bere doktore tesirako. Hernanin kontatu zuen, esaterako, Afganistango emakumezko hamar kazetaritatik bederatzik ogibidea utzi behar izan dutela, talibanen erruz. Bestalde, aipatu zuen Iranen «informazio zulo handia» dagoela, eta soilik emakumeek konta dezaketela hango emakumeek bizi dutena.

Hariak jaialdian proiektatu zuten beste dokumental batek Indiako emakume kazetari baten ausardia eta balentria islatzen ditu: Writing with Fire (Suarekin idazten). Indiako emakumeek —daliten kastakoak— zuzendutako egunkari bakarra da haiena: Khabar Lahariya. Filmak fineziaz kontatzen du kalean eta etxean zer oztopo izaten dituzten kazetaritza lana egiteko. Hameidaren hitzetan, genero ikuspegitik ere egiten dute kazetaritza. «Kazetaritza oinarrizko tresna da gizarte demokratiko eta berdinzale bat lortzeko», baieztatu zuen sendotasunez TVEko kazetari sahararrak.

'Writing with Fire' dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.