Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Palestina aske

2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Gerra batean lehen biktima egia da». Esaldi horretatik jo nahi dut aste honetan, gatazka politikoetan irratiek historian zehar bete duten rola hein handi batean egun Internetek —sare sozialek— betetzen dutela dakidan arren.

Gatazka guztietan kontakizun bat nagusitzen da, normalean garaileak, horren aliatuek, eta komunikabideak kontrolatzen dituztenek osatzen dutena. Ildo horretatik ateratzen diren mezu guztiak ezkutatzen saiatzen dira, batzuetan kazetariei —lekukoei— informaziora heltzea galaraziz; bestetan, bertsio ofizialak zabalduz, edo, Al-Alhi ospitalearen aurkako erasoaren kasuan bezala, bertsio kontraesankorrak hedatuz. Egia zein den ez da garrantzitsuena, sinesgarria bada eta gailendutako kontakizunarekin bat egiten badu. Ez dago inolako arazorik, gainera, gertaeraren azalpen objektibo gisa agertzeko, eta, zalantzak baditu, informatzaileak iturri ofizial bat aipatu baino ez du behar... Horrela kazetaritza salbatzen da.

Euskal Herrian informazio ofizialak kolokan jartzera ohituta dagoen sare mediatikoa dago. 1970eko eta 1980ko hamarkadetako irrati askeen mugimenduaren erraiak aipa daitezke. Haiei esker, munduari begi kritikoekin so egiten ikasi genuen, baita kontakizun nagusia zalantzan jartzen ere. Gaur, esparru horretara berriz jotzen dugu Palestinako herria jasaten ari den erasoaldiari buruzko informazioa jasotzeko. Ezin uhin alternatibo horietan topaturiko kronika edo analisi guztiak aipatu, baina eskura ditugun saio batzuk bai ekarri nahiko nituzke. Haien artean Berria FM podcastaren asteazkeneko atala, Arraio Irratiko Ahuntzaren Gauerdiko Eztula eta Hala Bediko A Desalambrar saioak, besteak beste.

Hizkuntza dela medio, ezin izan dut jo bertatik egindako emanaldietara —gaztelaniazkoRadio Muqawama aspaldian itxi zuten, eta frantsesez ez dut bat ere topatu—. Jadanik ez dago eskuragarri Palestina Free izenburuaz 2019an, Nakbaren 70. urteurrenaren harira, AMARC irrati komunitarioen erakundetik antolaturiko emanaldi bateratua, baina bai Euskadiko UNRAW Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak 2020an eta 2021ean antolaturiko podcast feministen tailerretan, emakume errefuxiatuen istorioetatik abiatuta grabaturiko kontakizunak.

Kalean palestinarren kontrako bonbardaketak geldiarazteko exijitzen dugu. Ez dezagun irentsi mainstream medioetatiko bonbardaketa informatiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.