Arantza Gutierrez.
Irratia

La Palanka

2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

Ez dakit Bizkaitik kanpo zutabe hau irakurtzen duzuen horiek Bilbo Zaharra edo La Palanka auzoa ezagutzen duzuen. Laurogeiko hamarkadan, Bilbora ikastera etorri ginenok auzoaren inguruan bi bertsio genituen: askatasunaren espazio gisa kontatzen ziguten batzuetan, eta gizarteko baztertuen abegi-gune moduan besteetan. Urteetan ez nituen bere kaleak zapaldu; bi astean behin Donostiako magaletara itzultzen ninduen autobusa hartzera nindoanean baino ez, eta sekula ez nintzen geratzen denbora luzez.

Gaur ere bi istorio mota dituen narrazioa da auzo honetakoa: betiko tokiak moda-gune bihurtzen dituen gentrifikazioarena batetik, eta egunez egun bizirik irautea helburu duen auzoarena bestetik. Bi giro, gune jakin batzuetan elkartzen direnak, eta ez beti bizikidetza errazean. Bi begirada baita ere: irudi ilunena titularretara eramaten saiatzen diren kronikariena, eta bertako kolore, kultur eta hizkuntza aniztasuna eta aberastasuna ezagutzera ematen tematzen direnena. Azken horien artean daude, dudarik gabe, La Palanka irrati komunitarioa sortu eta bultzatzen dutenak.

Auzoko Sarean kulturgunean sortua, beren helburua komunitatearentzako zerbitzua izateaz gainera, auzotarrei topagune irekia eskaintzea da, bertan bizi diren pertsona eta talde ezberdinen ahotsak entzun daitezen. Abenduan ospaturiko Gau Irekia kultur programaren baitan aurkeztu zuten egitasmoa, eta kalera atera ziren berriz ere ekainaren 18an, Munduko Arrozak festan. Irratsaio biak zuzenean, auzoaren bihotzetik bertakoentzat. Lehenengoa entzungai dago Ivoox plataforman, baita ospakizunaren aitzakiarekin egin dituzten saioak ere, eta iragarri dute azkenengoa ere bide horretatik zabalduko dutela, momentuz ez baitute aurreikusten uhinen bidezko programaziorik eskaintzerik, baztertzen ez badute ere.

Lehenengo saioan, aurkezpenean, ahots ezberdinek agurtzen gaituzte, bakoitzak bere hizkuntzan, Babel dorre batean sartzera gonbidatuz. Ondoren, berriz, gaztelania gailentzen da hizkuntza nagusi moduan, baita umeek egindako atalean ere. Ez da erraza, badakit, halako proiektu batean erabiliko den hizkuntza hautatzea eta praktikora jotzen da, partekatzera derrigortzen gaituzten horretara. Konfiantza dut hurrengo saioetan auzoko mintzairen aniztasunak bere tokia izango duela, baita euskarak ere, Munduko Arrozak jaian Bilbo Hiria irratiak egindako zuzenekoan argi geratu baitzen gure hizkuntza ere badela La Palankan bizi direnen kultur aniztasunaren parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.