Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

Ozymandias da nire izena

2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Percy Bysshe Shelleyren poema batean Ramses II.a faraoiari erreferentzia egiten dion izena da Ozymandias, zeinak errege krudel baten inperioaren erorketa irudikatzen duen. Izen hori du, halaber, Watchmen komikiko superheroi batek, eta izen hori hartu zuen ere ostiralean hamar urte egin zituen Breaking Bad telesaileko atalik bikainenak.

Pentsatuko duzue azkarregi esan dudala «bikainena» dela, horren subjektiboa den gai bati buruz ari garenean. Kontua da IMDb orrialdeak 10/10eko puntuaketa jarri ziola Ozymandias atalari; hamarkada batean bakar batek ere berdindu ez duen marka. Imajina ezazue: perfekziotik jaisten den puntuaketa jarri diotenak horren gutxi dira, ezen ez baitute lortu zifra 9,9ra jaisterik. Puntuaketa horrekin badira nik oso kutun ditudan beste atal batzuk; Game of Thrones-eko nire gogokoena tartean, The winds of winter (6x10). Ia 80 minutu ditu horrek, ordea; Walter White protagonista duen atalak 47 minuturekin lortzen du aipatutako bikaintasuna, trama landu bezain erabakigarri batek minutu gehiago behar ez dituela frogatzen duen datua.

Zergatik da, bada, horren ona? Ez da bakarrik ordura arte eraikitako guztia, Whiteren drogaren inperioa alegia, nola erortzen den erakusten digulako, telesailaren beraren klimax bihurtuz. Sinbologiaz beteta dago atala: White desertutik diruz betetako upela biraka garraiatzen, kakalardo batek bezala —Sisiforen mitoa ere gogora ekartzen du—; telesailaren hasierako galtza beige horiek erori ziren leku berean botata, eguzkiak zarpailduta; protagonistaren aurpegia kotxearen balazo baten gainean islatuta.

Baina gauza gehiago ere baditu. Telesailak bere garapenean zehar maisutasunez erakusten du istorioa bi geruzatan konta daitekeela: agerikoa eta lerro artekoa. Eta aipatutako atalean, White eta bere emaztearen arteko telefono bidezko elkarrizketa horretan, teknika hori gorenera iristen dela esango nuke. Ekintzaz ekintza munstro bikalatzen ari zen horrek oraindik ere gizatasun apur bat duela erakusten digun keinua, nahiz era agerikoenean ez izan. Gidoigileek analizatu beharreko eszena, dudarik gabe.

Erabat suntsitzailea, lazgarria, erabakigarria. Telesailen historia luze eta oparoak behar zuen pieza. Ezin nuen gogora ekarri gabe utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.