urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Otañoren bertsoak

2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gernikako arbola/ da bedeinkatua/ Euskaldunen artean/ guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu/ munduan fruitua /adoratzen zaitugu/ arbola santua». Kantua entzuten da Patxi Bisquertek zuzendutako Ombuaren itzala fikziozko filmean. Aberri Egunerako ere ez da ereserki eskasa. «Horrek Iparragirre bezala amaituko du», esaten du herritar batek Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruan. Bertsolari-poetaren inguruan. Herriz herri ari dira ematen Ombuaren itzala —azaroaren 30ean egin zuten aurrestreinaldia, Zizurkilen (Gipuzkoa), eta orduz geroztik hainbat tokitan proiektatu dute—. Maiatzean ere emango dute, okerrik ez bada, Anoetan eta Eibarren (Gipuzkoa).

Herritarren laguntzarekin eta auzolanean sortutako zinta da Bisquertena. Herriari bueltatzen ari zaio orain. Bertsotan, zineman.

«Zazpi aizparen gai den oihala/ ebakirikan erdirik/ alde batera hiru soineko/ utzirikan lau bestetik/ goraiziakin bereizi arren/ bakoitza bere aldetik/ ezagutzen da jantzi dirala/ zazpiak oihal batetik». Otaño ageri da pelikulan hitz horiek idazten. Zazpi aizparen gai den odola bertsoa, alegia. Hori ere Aberri Egunerako egoki.

Pedro Mari Otañoren 'Zazpi aizparen gai den odola' bertsoa.
Pedro Mari Otañoren 'Zazpi aizparen gai den odola' bertsoa.

Joseba Usabiaga aktoreak egiten du Otañorena filmean. Ematen dio beretik sentimendua. Sara Cozarrek, berriz, haren emaztearena. Iñaki Beraetxe bertsotan hasten da, eta ez nolanahiko pertsonaia antzeztuz: Jose Manuel Lujanbio Txirrita-rena egiten du. Bestetik, badira bi bertsolari Bisquertek antzezle lanetan jarri dituenak: Oihana Iguaran eta Anjel Mari Peñagarikano. Zaila da ez hunkitzea Iguaranek kantatzen duen bertsoa entzunda.

Bisquertek berak —ezin zuen bestela izan— jokatzen du pertsonaia bat: Argentinako Panpako gizon batena, alegia. Baina oso laburra da rol hori, pelikula honetan kameraren atzean jardutea egokitu baitzaio. Eta onik atera da balentriatik, ez baitzen erronka makala bi kontinentetan eta XIX. mendean girotutako istorio bat zeluloidera eramatea.

'Ombuaren itzala' filma
Joseba Usabiaga eta Patxi Bisquert, 'Ombuaren itzala' filmean. EGUZKI ART

Amerikan hasten da istorioa. Euskal Herrira itzultzen da bertsolaria, eta, hara non, gizon itsu bat eta emakume bat topatzen ditu. Haiek bertso idatzi batzuk saltzen dizkiote Otañori, jakin gabe bertsoak harenak direla. Eszenak balio du, bestalde, irudikatzeko XIX. mendearen amaieran bertso idatziak nola saltzen ziren herrietan eta auzoetan. Beste eszena batean garai bateko sagardotegi bat dago irudikatua, eta han bertsotan da Txirrita. Euskal iruditerian tokia egina du Txirritak, noski, eta haren pasadizoak marrazki bizidun ere bilakatu zituen Juanba Berasategik 1999. urtean —52 atalak Makusi plataforman daude ikusgai—.

Amerikara bueltatzen da gero bertsolaria. Egiaz, pentsatzekoa da Ombuaren itzala filma biziki estimatuko dutela euskal diasporan proiektatzen dutenean ere. Gogoratzekoak ditu makina bat bertso Otañok, eta jasota daude. «Amerikara noa/ nere borondatez/ hemen baino hobeto/ bizitzeko ustez/ aspertuxea nago/ hemengo izatez/ adios aita eta ama/ ondo bizi bitez».

'Ombuaren itzala' filma
Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreak, 'Ombuaren itzala' filmean. EGUZKI ART

Pello Mari Otaño, liberal jaio eta abertzale hil zen bertsolaria, artikulu luzea idatzi zuen Joxean Agirrek Bertsolari aldizkarirako. Parte hori ere islatzen da filmean, eta, era berean, bada beste une esanguratsu bat, non Otañok diskurtso aldarrikatzailea egiten duen diasporako euskal etxe baten irekieran. Funtsean, Bisquertek Otañoren izaeraren konplexutasuna biltzen du pelikulan. «Pello Mari Otaño ahanzturatik ateratzea da nire asmoa», esan zion Bisquertek BERRIAri filma egiten ari zela. Horretan ari da, Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen bitartez. Aste honetan, Bilbon, adibidez.

Otañok jaioterriaz kantatzen du, Ameriketan: «Euskalerriko lur maite hartan/ jaio nintzan baserrian/ itzal haundiko intxaur arbol bat/ dago gure atarian/ haren ondotik irten da noiznai/ maldako gaztainadian/ edo sagarrik onenak jaten/ luberriko sagastian/ arbol tartian bizitu nintzan/ gazte denbora guztian».

Adiorik ez. Otañorenak dira beste hitz hauek ere, baina Euskal Herrian sortuak: «Gau eta egun auziaz dago gure Euskal Herri edarra/ alde batera nahiago nuke ez banintz hemengotarra/ Mundu guzia ikaratzen du euskaldunaren negarrak/ Saiatutzeak balio ez badu zertako degu indarra?/ Hau da txoria gari tartean goseak egon beharra». Aberri Eguna, gaur, herritar denontzat. Izan bedi probetxuzkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.