urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Oraingoz, 'Linbo'-ra

2025eko apirilaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bakoitzak bere iritzia. Bakoitzak bere erreferenteak. Joseba Sarrionandiak artikulu ederra idatzi du Gara-ren 7K aldizkarirako, Errotatiba bat: 'Euzkadi' & 'El Correo Español' izenburupean —apirilaren 13ko zenbakian argitaratu zuten—. Han kontatzen du El Correo Español kazetaren lehenengo zenbakia 1937ko uztailaren 6an argitaratu zela Bilbon. «Falangistak Euzkadi egunkariaren errotatibaz jabetu eta egun gutxitara hasi ziren argitaratzen bertan El Correo Español». Artikuluaren bigarren paragrafoan, zera dio idazleak: «Bitxia da moral politikoaren kudeaketa egin nahi duen kazeta hain gezurteroa izatea, edo memoria hain ahula izatea». Hori dio, hain zuzen, Vocento taldeko egunkariak 115 urte dituela ospatzen duelako aurten, baina gazteagoa delako: 1937koa. Euzkadi egunkariaren errotatiba, William Randolph Hearstek Ramon de la Sota ontzi-jabeari oparitu ziona, egun Euskadiko Industria Ondare Higigarrien Zentroan dago. Eta errotatiba horretan inprimatu zuten, 1937ko urtarriletik ekainera arte, Eguna euskara hutsezko egunkaria ere. Historia.

Horrela gauzak. Horrelako kontu asko ez dituzte herritarrek jakiten, argitaratzen diren arte. Beste mota bateko erreferentea da Irati Erauskin, eta Interneteko sare sozialetara iristen da haren jarduna. Gaztea irratiaren Instagrameko bideo bat heldu da sakelako telefonora. Make ETB Great Again (Egin ETB handia berriz) du lelotzat, eta Erauskinek honako proposamenak egiten ditu ETBk garai bateko loria berreskura dezan: «Telenobela bat: Arrano beltzaren pasioa. Bigarrena da Cámbiame [itxura aldatzeko saio bat, baina ETB1ek bere garaian egin zuen halako bat: Itxuroso...]. Eta hirugarrena: Sálvame bat. Mundu guztiak dauka eskubidea kotilleo programa bat izateko». Tira, datorren astean La1 katea hasiko da La familia de la tele saioa ematen arratsaldeetan, bertan Sálvame-ko kuadrillako batzuk arituko dira, eta aurkezlea euskal herritar bat izango da: Aitor Albizua. Hori guztia euskaraz behar dela aldarrikatzen du Erauskinek. Bakoitzak bere iritzia. Bakoitzak bere erreferenteak.

Aitziber Garmendia eta Aitziber Grados 'Linbo' saioan
Aitziber Garmendia eta Aitziber Grados 'Linbo' saioan. ETB

Zerutik infernura bidean

Ostegun gauean estreinatu zuen ETB1 kateak Linbo saioa. Lehen gonbidatua, euskal umorearen erreferente argi bat: Aitziber Garmendia. The Substance filma etorri zitzaion burura Garmendiari. «Demi Moore ni izango nintzateke, eta zu izango zinateke aterako litzatekeen ni hobetua», esan zion Garmendiak Aitziber Grados aurkezleari. Bitxia da bien izen-abizenak A. G. M. direla. Hula Hoop-ari eraginez ere erantzun zituen galderak Garmendiak. Ondotik, Ander Malbadi azaldu zen, eta Gradosi gipuzkoartasuna-ren inguruko test bat egin zion; Altsasuko (Nafarroa) bati! Bitxia da Malbadiren multi task-a: igogailuen enpresa handi batean ardura handiko postu bat izan, eta gazteen umorezko saio batera joaten da zera esatera: «Gipuzkoarra izatea nahiko bajoia da».

Ondo jarraitu zuen programak, aspertzeko betarik gabe. Joango dira ñabardura batzuk finduz, baina Hiru Damatxo ekoiztetxearen saioak —late night show bat, haien esanetan— badu bere grazia. Saioak aukera eman zuen euskarazko auhendatu eta adiakatu hitzak ikasteko. Maria Blanco kolaboratzailearen arabera, gizonek gehiago egin beharko lukete hori, baina haien maskulinitateak ez die uzten; gipuzkoarrak badira, are gutxiago, eta hori ez du Blancok esan. Danel Galdaera izan zen beste kolaboratzaileetako bat, bere ohiko estiloan. Eta Idoia Asurmendi kantaria bigarren gonbidatua; Cielito lindo abestea larunbat gauetako Oholtzan saioari egindako omenaldi bat izan zitekeen, lasai asko.

Programak erritmoa du, umorea zirikatzailea da tarteka —azkenaldian ETBn nagusi den zuritasunetik aldentzen da, apur bat bada ere—, eta publikoak noizean behin parte hartzeak laguntzen du azken emaitzan. Eta zerbait nabarmendu behar baldin bada, Aitziber Grados aurkezlea nabarmendu behar da —klixeak errepikatu behar badira, haren freskotasuna aipatu beharko litzateke—. Bueno, serio: izan dezala Euskal Telebistak pazientzia formatuarekin, halakoak behar baititu euskarazko telebistagintzak. Eta hau iritzi bat baino ez da, baina erreferente berri bat du Euskal Herriko telebistak: Aitziber Grados. Harekin Linbo-ra, oraingoz.

Aiziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. Primeran plataforma
Aitziber Grados, 'Linbo' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.