Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Opor usaina dago

2024ko uztailaren 28a
05:00
Entzun

Azkenean, beroa heldu zaigu Euskal Herrira, eta oporrak ere iristear daude derrigorrez abuztuan hartu behar ditugunontzat. Zutabe honek ere atsedenalditxo bat hartuko du irailera arte, eta egilea naizen honek bateriak kargatzeko asmoa dut hurrengo denboraldian saioak, podcastak eta irratiari buruzko berritasunak ekartzen jarraitu ahal izateko; Euskal Herritik atera gabe, itsasoa, liburuak eta podcastak zain ditut, baita hondartza, estropadak, herriko festak eta suen ondorengo izozkiak ere (donostiarra naiz, zer egingo diogu?).

Azken astean, giroan sartzeko, Naiz irratiko Kosta ala Kosta magazina entzun dut. Aurreko asteazkenean nire gogoko hondartzan egin zuten denboraldiko azken saioa, Arrigunagan (Getxo, Bizkaia), eta penatuta nago hurbiltzeko aukerarik izan ez nuelako, eta lau hormaren artean entzun behar izan nuelako. Hareatzaz hareatza, Euskal Herriko kostaldean zehar zuzeneko emanaldiak eskaini dituzte Iker Gurrutxaga, Oihana Azkue, Ion Garate eta Malen Frantsesena esatariek.

Balioan jarri nahi dut mikrofonoak kalera eramateko ausardia, gaur egun ez baita oso ohikoa, eta nekez ikusten dira irratiko unitate ibiltarien logoak kaleetan. Nire ustez, aire zabalean aritzeak freskotasuna gehitzen dio saioari, leihoak ireki izan balituzte bezala, eta, bai, egun askotan termometroak gora egin ez duelako ere izan daiteke. Kalean eginda, zuzenean, eta, gainera, sari potoloak irabazteko aukera eman du. Hau da, irrati klasikoaren ia elementu guztiak dituen saio baten aurrean gaude. Ez da gauza bera, badakit, zuzenekoak duen xarma galtzen dugulako, baina webgunean eskainitako aukeraz baliatu ahal gara atal guztiak nahieran entzuteko.

Eta… Zer da Euskal Herriko uda estropadarik gabe? Aurten ere Arraun Lagunak-ek geldiezina ematen du, eta, Eusko Label ligan, bermeotarrek ia guztia irabazi arren, badirudi lehia badagoela. Duda barik, telebistan eskaintzen den ikusgarritasunarekin lehiatzea ia ezinezkoa zaie irratiei, baina aitortu behar dut irratiko zuzeneko emankizunak entzun ohi ditudala uretan gertatzen dena zuzenean ikusten dudan bitartean.

Arraunaz ari naizela, bi saio ekarri nahi ditut hona: alde batetik, Naiz Irratian asteazkenero Zuriñe Iglesiasek gidatzen duen Marea Bizian, ekainean estreinatu zena, eta, beste aldetik, bizkarrean denboraldi batzuk dituen Tostartean, Manu Etxezortuk Euskadi Irratian astelehen eta ostiraletan eskaintzen duena. Goza dezagun arrauna futbolak protagonismoa berreskuratu arte!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.