benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Olerki nuklearrak

2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Bolivia, 1545. urtea. Diego Huallpa izeneko artzain kitxuak, gauez hotzetik babesteko, sua egin du mendi inguruan. Hurrengo egunean, sugarren artean, hari distiratsu batzuk aurkitu ditu. Hor deskubritu du, nahi gabe, zilarrez betea dagoen muinoa. Handik gutxira, Espainiatik iritsitako konkistatzaileek hasiera emango diote muino horren ustiapenari. Cerro Rico deituko diote, mendixka aberatsa. Konkistatzaileek handik lapurtuko dituzte milaka tona zilar, munduan zehar erabiltzeko.

2011. urtea. Alicia izeneko 12 urteko meatzari gaztea ezagutu du Ander Izagirre idazle donostiarrak Cerro Ricon. Eztainua biltzen duen neska gaztea izango da donostiarraren Potosí izeneko liburuaren protagonista nagusia. Aliciaren begietatik deskubrituko dugu azken mendeetan nola aberastu diren gutxi batzuk inguru hartan, beste askoren sufrimenduari esker.

Zilarra eta eztainua aipatu ditugu. Baina historian zehar koltana, urrea, diamanteak, kobaltoa, litioa edo petrolioa izan zitezkeen. Haien kontrol eta ustiapenak beti izan ditu bidelagun hasieran espero gabeko ondorioak.

Horietaz gain, azken urteotan bada esplotatu beharreko modako lehengaia: datuak. Ukiezina dirudien arren, datuak kudeatzeak asko du fisikotik. Gaur, hitz egin dezagun energiaz.

2012. urtetik, telefono adimentsuak zabaldu zirenetik, ikaragarri ugaritu dira mundu osoan mugimenduan ari diren gure datuak; enpresek bildu eta txukuntzen dituzte, ondoren guri zerbitzu bat eskaini edo beste bati datuok saltzeko.

Baina zer gertatu da azken bizpahiru urteotan? Enpresa teknologiko handiek negozioa ikusi dute adimen artifizialaren tsunamian. Eta negozioak aurrera jarrai dezan, datu gehiago prozesatu behar dira; energia kontsumoa izugarri handitu behar da. Microsofti dagokionez, %30 handitu dira haren CO2 isuriak azken hiru urteotan. Googleren igoera %66koa izan da. Haien aurreikuspena da etorkizunean energia kontsumoa handitzea.

Energia gose hori asetzeko, Google, Microsoft eta Amazon ados jarri dira zentral nuklearren operadore eta garatzaileekin. Zentral nuklearrak martxan jartzea, guk etxean olerki artifizialak sortzeko. Halakorik ez genuen aurreikusi, ez horixe, GPT-3 aurkeztu ziguten 2021eko azaro hartan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.