Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Olatu gainean

2024ko ekainaren 30a
05:00
Entzun

Belardi ebaki berriaren, euriaren lehenengo tantek lur lehorra bustitzean sortzen den lurrunaren edo kresalaren usainaren artean aukeratu beharko banu, azken hori hautatuko nuke dudarik gabe. Hirurak lotzen ditut udako lurrinarekin, baina itsasoarena da haurtzaroko Groseko hondartzara, gaur Zurriola, eramaten nauena. Ez ditut gogoratzen surflariak garai horretan, eta Algortara bizitzera etorri arte filmetan baino ez nituen ezagutzen, The Beach Boys taldearen musikak girotutako filmetan.

Gaur, berriz, nork imajinatu ahal du euskal hondartzarik taularik gabe? Angelutik Muskizeraino, udan edota neguan, beti dago norbait olatu baten bila… Beraz, nola ez litzateke izango surfari buruzko podcast bat? Horren berri izan nuen irratia entzuten, eta bila joan nintzen, baita denboraldiaren azken saioa argitaratu berri zutenean topatu ere. Hirugarren denboraldia itxi berri dute eta hurrengo urtean itzultzeko atea irekita utzi dute Ander Lopez Lerenak eta Olaia Elorriaga Urrutiak, Lay Day saioaren gidariek. Zortzi atal eskaini dituzte aurten, azkena ekainaren 18an, eta orotara 34 elkarrizketatu izan dituzte 27 bideopodcastetan, gehienak surfaren erreferenteak diren gizon eta emakumeak, horretan parekidetasuna mantendu baitute.

Zirriborro ekoiztetxearen eskutik, podcast plataformetan ez ezik, Gaztearen Youtubeko kanalean ere ikusgai daude atal guztiak. Arrakasta frogatuta daukan elkarrizketa formatua du eta, azpimarratu nahi dut, solasaldia surfa ezagutzen dutenei zuzenduta dago: iniziatuei. Gonbidatuen izen asko oso ezagunak egin zaizkidan arren, entzundako zenbait saiotan galdu naiz ulertzen ez nituen hitz teknikoen artean, baina horretaz dagoeneko ohartarazi zuten 2022an sortu zutenean: surfzaleentzako irratsaioa da, kirola ondo ezagutzen dutenentzat egina. Izango da hondartzan entzun dudalako, kresalaren usainaz blaituta: inbidia pixka bat sentitu dut, eta, taula gainean segundo batzuez (eta ez zutik) mantendu naitekeela dakidan arren, olatura igotzeko gogoa izan dut. Beste bizitza batean baliteke.

Surflariek ez ezik, itsasoa eta hondartza maite ditugunok ere eskertzen dugu irratiek zerbitzu informazioaren artean hondartzen banderak, mareak eta hareatzen egoera eskaintzea udan. Eskola busak errepideetatik desagertuta, trafikoa arindu da eta auto ilarak gutxitu dira, baina egunero zeruari begiratzen jarraitzen dugu, edo, hobeto esanda, irratietatik hitz egiten digun eguraldiaren parteari, eguzkia noiz agertuko den zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.