Lide Hernando.
'Ekografiak'

Nostalgiaren 'boggart'-ak

2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Lerrook idazten ari naizen egunean, bi urte dira amatxi hil zela. Horrek eta kasualitateak hala nahi izan zuelako, hori gabon garaian gertatu izanak nire familia osoa egun hauek nostalgiaren zurrunbiloan bizitzera darama azken urteetan. Nostalgia hitza zurrunbiloarekin lotu dut, baina, egia esan, nostalgia niretzat ez da zurrunbilo bat. Nire belaunaldi ingurukoek oroituko dute Harry Potterren sagan nola bazegoen boggart izeneko izaki magiko bat, norberaren beldurrik handienaren gorpuzkera hartzen zuena. Boggart-ek nostalgiaren forma hartuko balute, nire kasuan metro eta erdiko emakume bat izango litzateke, hatzarekin pistoz betetako pertza seinalatu eta «¿no vas a coger un poquico más?» esango lidakeena.

Nire nostalgiaren boggart-ak beste forma asko har ditzakeen arren, gehienek naramate berriro harengana. Zuriñe eta Telmo motor gainean Lokaleko leihotik abesten oroitzeak, amatxik sukaldea garbitu bitartean lehengusinarekin telebista ikusten ari nintzen momentua oroitzera narama, adibidez. Eta gaur, amatxi hil zela bi urte egin direla, Betizuren omenez Primeran plataforman estreinatutako gala ikusteko erabakia hartu izanak nire bizitzako boggart guztiak armairutik atera eta begien aurrean desfilatzen jarri dizkit.

Bale, egia da nostalgiaz bizitzen dituzun gauzak ederragoak direla oroimenean, berriro bisitatzen direnean baino: halaxe gertatu zitzaidan Love Actually filmarekin, eta halako zeozer gertatu zait Betizuko abestiekin ere. Baina ondo pasa dut hori ikusten? Bai. Barre egin dut amatxi «mira que os gustan esas pijotadas» esaten oroitzean? Jakina. Gogoratu dut nola imitatzen genituen lehengusinak eta nik bertako abestiak, kamisetaren baxua kolkotik sartuz top bihurtuta eta lastozko pamela buruan? Bai noski.

Nire nostalgiak, azken finean, Super Baten eta Betizuren arteko forma hibridoa du; bi fenomenoen artean hasi bainintzen pertsona bezala osatzen. Zenbaki superheroia eta euskal behi ilegorriak izan dira nire burmuinaren legamia, nazioarte mailan Harry Potterren liburuak izan diren bezala, eta boggart horiek guztiak, amatxirena ahaztu gabe, armairu handi batean ditut gordeta, behar ditudanean ateratzeko. Eta egungo umeen etorkizuneko boggart-ak Go!azen-eko abestiak izango direla pentsatzean, hobeto ulertzen dut dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.